Sanjuandegikoak hasi dira aurtengo auzoko festak antolatzeko lanekin, eta auzotarrak girotzen joateko, kantua afaria antolatu dute datorren ostiralerako, hilaren 27rako. Iturri elkartean egingo dute afaria, baina aurretik, 19:00etan, Garoa tabernaren aurrean elkartuko dira, eta gero joango dira soziedadera, 21:00etan hasiko baita otordua. Haritz Garmendia eta Eneko Arbeo trikitilariekin egingo dute afal osteko kantu saioa, eta afarirako txartelak salgai jarri dituzte, 25 eurotan, Haginpe eta Kantoi tabernetan.
Sanjuandegiko festetarako aste batzuk falta diren arren, joan den asteartean egin zuten jaiak antolatzeko aurreneko bilera. Festen antolaketan edota festetan laguntzeko boluntario jardutera animatu ditu XJ Auzolaneanek herritarrak: "Festa hauek auzotar talde baten borondatearekin eta ahalegin handiarekin ateratzen dira aurrera. Hau guztia trukean ezer jasotzeko asmorik gabe egiten dugu, gure auzoagatik, gure festengatik. Denok parte hartzeko eta ondo pasatzeko helburuarekin antolatzen ditugu festa hauek, eta bide horretan, auzotar oro ongi etorria izango da bere ekarpena egiteko edota festetan bere alea jartzeko".