Larunbat arratsaldean, 15:52 aldera, hartuko dute Azpeitiko eragileek 24. Korrikaren lekukoa lehen aldiz; Benta Berriko bidegurutzean, Errezildik Azpeitirako bidean egingo dituzte lehen pausoak. Dena den, AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko etengabeko lasterketa herrira iritsi aurretik, bihar Azpeitiko ikasle gazteenek egingo duten Korrika Txikiak girotuko ditu herriko kaleak. Korrika Txikia Azpeitiko Udaleko Gazteria sailak, AEK-k, herriko ikastetxeek eta Juan Antxieta musika eskolak antolatu dute.
Goizez egingo dute Korrika Txikia bihar. 10:15ean hasiko da Sanjuandegin, igerilekuaren atarian, eta LH 6. mailako ikasleek eramango dute lekukoa hasierako metroetan. Handik, saihesbideko biribilgunea zeharkatuta, Jose Artetxe kalean eta Foru Ibilbidean barrena, Julian Elortza etorbideko biribilguneraino iritsiko da Korrika Txikia. Segidan, biribilgunean buelta hartu, eta Udal Liburutegiaren aurretik, Enparango zubitik barrena sartuko da Korrika Txikia Alde Zaharrera, eta gero, Perez Arregi plaza, Erdikalea eta Elizkalea igarota, Done Jakue kaletik iritsiko da plazara.
Sanjuandegitik plazaraino, Korrika Txikiaren lekukoa eskutik eskura ibiliko dute LH 6. mailatik HH 4. mailara arteko Ikasberri ikastolako, Izarraizpe ikastolako publikoko eta Iraurgi ikastetxeko ikasleek, irakasleen eta gurasoen laguntzarekin. Plazan, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak izango dituzte zain horiek. Hiru ikastetxeetako ordezkariak udaletxeko balkoi nagusira igoko dira, lekukoaren barruan gordetako mezua udal ordezkariekin batera irakurtzeko. Eta musika eskolako musikariekin festa giroan borobilduko dute egitasmoa plazan, 10:30 aldera.