Zaintza emozionaleko udalaren proiektuak "emaitza esanguratsuak" izan ditu

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 26a

Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua -ezkerretik hirugarrena- gaur Hariak-Korale jardunaldian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako hemeretzi udalerritan, Adinberri-Haria deialdiaren bidez, hamabi proiektu bultzatu ditu foru aldundiak. Egitasmo horiek nahi ez den bakardadearen prebentzioan ia 14.000 pertsonarengan izan dute eragina azken bi urteetan, aldundiaren arabera. Horietako proiektuetako bat Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiko toki administrazioen ikuspegitik proiektua izan da. Gaur azaldu dituzte emaitzak Hariak-Korale jardunaldian.

Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko Hariak estrategiak "eragin zuzena" izan du azken bi urteetan Gipuzkoako hemeretzi udalerritako 14.000 pertsonengan, gaur Donostian Hariak-Korale jardunaldian foru aldundiaren Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuaren nahiz Adinberri fundazioaren ordezkariek azpimarratu dutenez. Adinberri-Hariak deialdiaren bidez hamabi proiektu bultzatu dituzte lurraldeko hemeretzi udalerritan, eta egitasmo horietako bat da Azpeitiko Udalak garatutako Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiko toki administrazioen ikuspegitikGaur aurkeztu dituzte emaitzak Hariak-Korale jardunaldian, eta esan dute Azpeitiko proiektuak "emaitza esanguratsuak" izan dituela: "Azpeitiko proiektuaren ondorioz arreta jaso duten 62 pertsonen artean, egoitza sarreren %100 saihestea lortu da".

Maite Peña Zainketa eta Gizarte politiketako diputatu eta Adinberriko presidenteak Hariak-Korale jardunaldian azpimarratu duenez, Adinberri-Hariak deialdiaren "lorpen nagusienetako bat" tokiko zaintza ekosistemak aktibatzeko eta zabaltzeko izan duen gaitasuna izan da. Azken bi urteetan Gipuzkoako hemeretzi herritan hamabi proiektu bultzatu dituzte, horien artean Azpeitikoa. Peñak adierazi du nahi ez den bakardadea "aurrez aurre dagoen errealitatea" da, eta gaineratu du, Bakardadeak izenburuko azterlanaren arabera, 55 urtetik gorako biztanleen %5,5ek –ia 15.000 pertsonak– adierazi du ohikotasunez bakarrik sentitzen dela. "Egoera hori emakumeen artean handiagoa da, eta adinarekin areagotu egiten da, 80 urtetik gorakoen artean %9ra iritsiz".

Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek parte hartu dute Haria-Korale jardunaldian, Azpeitiko Udalaren etxeko arreta integralaren programa eta laguntza psikologikoaren programa azalduz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak, Adinberri fundazioaren bitartez sustatutako proiektuen helburua dira, besteak beste, tokiko zaintza-ekosistemak indartzea, eragileen arteko lankidetza sustatzea eta fenomeno honi aurre egiteko ikuspegia sendotzea. Estrategia hori kontuan hartuta, 2024tik 1,1 milioi euro bideratu ditu foru erakundeak, eta gaur deialdi berri bat argitaratu du, "esku hartze eredua sendotzeko eta hedatzeko" helburuarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide