Gertu da Urrestillako bi baserritan, dendan eta herrigunean nahiz Azpeitiko parrokian eta plazan grabatutako eta Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek zuzendutako Piztiak telesailaren estreinaldia: apirilaren 23an estreinatuko da EITBren Primeran plataforman. Estreinaldia eta gero, apirilaren 26an (19:30) Piztiak telesailaren hainbat kapitulu proiektatuko dituzte Azpeitiko Soreasu antzokiko pantaila handian, Kulturaz kultur kooperatibak antolatuta. Telesailaren zuzendariekin solasaldia ere izango da hitzordu horretan.
Rodriguez zuzendariaz gainera, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala azpeitiar aktoreek ere parte hartu dute telesailean. Azpeitiko Ospel Films ekoiztetxeak ekoitzi du telesaila, EITBren sortzaile berrien deialdiko diru laguntzari esker.
Piztiak telesailean errealismo magikoa, ironia, komedia beltza eta krudeltasuna aurkituko ditu ikusleak. Istorioa baserri batean kokatzen da, eta fikzioa eta garai bateko istorioak uztartuko dituzte.