Hilabete osorako ekintzak dituzte antolatuta Azpeitiko Ekoetxean. Gaurkoan Loiolako Igarako errotara bisita gidatua egin dute, eta ondoren taloak egiten ikasi dute hitzorduan parte hartu dutenek. Aurrena, Igarako errotaren funtzionamendua ezagutu dute bisitan parte hartzera joandakoek. Ondoren, eguraldi ederra lagun, oinez Ekoetxeara joan dira eta han taloak nola egin ikasi eta praktikatu dute haurrek zein helduek.
Datorren astebururako ere bi ekintza dituzte antolatuta Ekoetxean. Larunbatean, hilaren 11n, Errezilgo Ibarbi sagarrondoak loratan ikusteko aukera izango da Ekoetxekoen, Errezilgo Ibarbi Sagar Kooperatibaren eta Iraurgi Berritzeneko Urola Turismoaren eskutik. Behin ibilbide gidatua bukatutakoan, Ibarbi Errezil Sagar Kooperatibako kideek prestatutako hamaiketakoarekin gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Jarduera horretan parte hartzeko izena honako loturan eman behar da.
Apirilaren 12rako berriz, uraren garrantzia eta antzerkia uztartzen dituen Putzua begi-bistan antzezlana antolatu du Ekoetxeak. Doan izango da sarrera, 16:30ean, Soreasu antzokian. 5 eta 9 urtera arteko haurrentzako obra da.