'Bollologia' erakusketa ikusgai, lesbianen mugimenduaz memoria ariketa egiteko

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 21a

Bollologia, Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat erakusketa ikusgai dago Sanagustin kulturgunean, apirilaren 27ra arte. 1977tik 2010era bitartean lesbianen mugimenduak izan duen bilakaera jasotzen du lanak, era askotako elementu bisualen bidez. Astindu Armayuek kolektiboak salatu du erakusketa hori iragartzeko herrian jarri dituzten "ia kartel denak" kendu dituztela. 

Bollologia, Euskal Herriko bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat erakusketa zabaldu zuten atzo, astelehena, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Marta Luxan da erakusketa horren egileetako bat, eta atzoko ekitaldian hark eman zituen mostraren inguruko azalpenak. 1977tik 2010era bitartean lesbianen mugimenduak izan duen bilakaera jasotzen du lanak, eta berez erakusketa zabalagoa den arren, haren zati bat ekarri dute Azpeitira. Emakumeen Txokoa eta Astindu Armayuek kolektiboa elkarlanean aritu dira hori posible izan dadin. Dozenaka lagun bertaratu ziren atzoko irekiera ekitaldira, eta apirilaren 27ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa, Sanagustin kulturgunearen ohiko ordutegian. 

2024an Leitzan (Nafarroa) gauzatu zituzten Euskal Herriko Bollotopaketetarako prestatu zuten Luxanek eta beste zenbait lagunek erakusketa, memoria ariketa kolektibo bat egiteko helburuarekin. "2023an hasi ginen aipatzen, bazirela 40 urte lehenengo lesbianen topaketak egin zirenetik Euskal Herrian, eta zerbait egiteko gogoa piztu zitzaigun, beste topaketa batzuk antolatzekoa. Deialdi zabalagoa egin genuen orduan, eta hilabete batzuetara, 70 bat pertsona elkartu ginen Gasteizen. Lantaldeak antolatu genituen, eta memoriari lotuta zerbait egin nahi genuenen taldean sartu nintzen ni". Gaur egungo egoeraz hitz egiteko, atzera begira jarri beharra zegoela iruditzen zitzaien: "Nahi genuen ikustea zer-nolako lesbianen taldeak izan diren Euskal Herrian, zer-nolako kanpainak egin diren, zer gertatu den...". Bollotopaketetan tailer eta hitzaldi ugari izango zirela eta, beste formaturen bat lantzea okurritu zitzaien, eta zerbait bisualagoa egiteko asmoz, erakusketa bat ondu zuten. Batez ere, kartelak, Sorginak aldizkaria... aztertu zituzten. 

Behin materialaren bilketa eginda, erakusketa nola antolatu pentsatu zuten. Lehenik eta behin, kronologia bat gauzatu dute: zer-nolako taldeak izan diren Euskal Herrian bildu dute, baita mugarriak izan diren momentuak ere. Horrez gain, lesbianen mugimenduak legediarekin eta instituzioekin zer-nolako harremanak izan dituen jaso dute. Beste atal batean, lesbianek beste kolektibo batzuekin izan duten harremana jaso dute. Beste atal batean, kalean zer egiten zen jaso dute, eta hainbat kartel ere bai, besteak beste ekainaren 28rako nahiz Martxoaren 8rako egindakoak. "Altxor bat ekarri dugu Azpeitira", esan zuen Luxanek. 

Euskal Herriko Bollotopaketetarako prestatu zuten erakusketaren zati bat da Azpeitian ikusgai jarri dutena, guztia espazio horretan kokatzea ezinezkoa izango litzatekeelako. Erakusketa inauguratzearekin batera, Euskal Herriko Bollotopaketak 2024, memoria ariketa kolektibo bat liburua ere banatu zuen Luxanek bertaratu direnen artean. 

"Kartel gehienak kendu dituzte"

Astindu Armayuek kolektiboak bere alea jarri du Bollologia erakusketa Azpeitira ekartzeko, lesbianen mugimenduak izan duen bilakaera herriratzea garrantzitsua dela iritzita. Dena den, erakusketa hori iragartzen duten herriko "ia kartel denak" kendu dituztela salatu du kolektibo horrek. Erasoa gaitzesteaz gain, hedabide honetara gertaera hori salatuz gutuna bidali zuen herritarraren jarrera eskertu dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide