Migrazioaren gaiaz hitz eginez hasi dute Euskaltzale Independentisten II. Topaketa

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 24a

Mamadou Sarr, Jordi Boixerau, Garazi Hach Embarek eta Ihintza Gurrutxaga, gaur Euskaltzale Independentisten II. Topaketako harrera hitzaldian. (Nerea Uranga)

Gaur eta bihar egingo dira Euskaltzale Independentisten II. Topaketak Azpeitian, era askotako ekintzekin. Hitzaldiak, tailerrak, pala partidak, kontzertuak, joaldunak, bazkaria eta DJak izango dira, besteak beste. Gaur arratsaldean hasi dituzte ekintzak Basazabal jauregian, migrazioari buruz hitz eginez

Ongi etorri Euskararen Errepublikara izenburu hartuta egin dute Euskaltzale Independentisten II. Topaketetako harrera ekitaldia eta hitzaldia gaur arratsaldean, Basazabal jauregian. Ihintza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskarazen koordinatzaileak egin die harrera saioan bildutakoei, baita hitzaldiko gidari lanak ere.

Migrazioaren gaiari helduta hasi dituzte topaketak, horren arrazoia ere azaldu du Gurrutxagak solasaldia hasterako. "Migrazio mugimenduak gora doaz eta aurreikuspenak ere ildo horretatik doaz. UEMAren eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izango den aztertu du Siadecok. Ikerketa horren arabera, 2021ean atzerrian jaiotakoak %12,8 ziren Hego Euskal Herrian, eta 2036an %23,2 izatea aurreikusten da. Ipar Euskal Herriko datuei erreparatuta, Euskal Herritik kanpo jaiotakoak %42,8 dira; baina, horietatik %39,1 Frantzian jaiotakoak dira, eta %3,7 Frantziatik kanpo", hori azalduta gaiari heldu beharra nabarmendu du EHEren koordinatzaileak.

Behin gaiaren hautuaren azalpenak eman ondoren, Mamadou Sarr, Jordi Boixerau eta Garazi Hach Embarek hizlariak aurkeztu ditu Gurrutxagak. Leire Amenabar Psikologian graduatuak eta Gizarte Psikologian doktoreak ere parte hartu behar zuen gaurko solasaldian, baina gaixotu eta ezin izan du joan. Horrenbestez, Sarr Bergaran (Gipuzkoa) bizi den senegaldarrak, Boixerau Bilbon bizi den kataluniarrak eta Hach Embarek Ormaiztegin (Gipuzkoa) bizi den euskal herritar sahararrak hitz egin dute, kontatuz zergatik erabaki duten Euskal Herrira bizitzera etorri eta euskaraz bizitzea. Euskal Herrian bizitzeko euskara ikastearen eta jakitearen garrantzia nabarmendu dute hirurek, baina Boixerauk eta Sarrek euskara ikasteko denbora asko behar dela, eta hori errazteko tresnak jarri behar direla esan dute. "Kataluniatik Euskal Herrira master bat egitera etorri nintzen, langabezian nengoen eta denbora neukan euskara ikasten hasteko; horregatik hasi nintzen ikasten", kontatu du kataluniarrak. Senegaldarra arrantzarako lan kontratu batekin etorri zen Euskal Herrira, Ondarroara (Bizkaia). Hala ere, azken urteetan Bergaran bizi da, lanagatik Euskaltegira joateko denborarik ez duela esan du, eta euskaraz dakiena kalean ikasi duela, hitz eginez.

Arratsaldekoa topaketetako lehen hitzaldia izan da, baina bihar iluntzera bitartean, beste hainbat gai izango dituzte solaserako, bai aisialdian eta bai egingo dituzten tailerretan, honakoa da topaketetako egitaraua:

Gaur, ostirala

  • 20:30. Kontzertu akustikoa Orkatz tabernan.
  • 22:00. Pala partidak: Martija-Prieto vs. Sanchez-Alkorta (pala motza) eta Urain-Gutierrez vs. Aizpuru-Rosa (gomazko paleta). Izarraitz pilotalekuan.

Bihar, larunbata

  • 10:00-12:00. Euskaratik independentziara (mahainguru nagusia). Soreasu antzokian
  • 12:30. Joaldunak.
  • 13:00. Ekitaldi politikoa, plazan.
  • 14:00. Bazkaria, Azoka Plazan.
  • 16:00-19:00. Tailerrak (bi txanda). Basazabalen.
    • 16:00-17:30.
      • Gazteak eta aisialdia euskaraz: ekosistema oso baten beharra.
      • Desobedientzia zibila iraultzarako tresna.
      • Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Euskal Herriko egoera soziolinguistiko askotarikoa.
      • Kaleak euskaraz: mural margoketa (tailer praktikoa).
    • 17:30-19:00
      • Intersekzionalitatea: teoriatik praktikara.
      • Euskararen Errepublika eta panorama geopolitikoa: aukerak, mehatxuak, erronkak.
      • Kultur sistema sendo bat bai, baina nola?
      • Izan zaitez eduki sortzaile! (tailer praktikoa).
  • 19:00. Musika kalean.
  • 22:00. Kontzertuak: Tapia eta Leturia Band eta Maruxak.
    • Ondoren, DJak tabernetan:
      • Elepunto, Orkatzen.
      • Gorriontxu eta Laztana, Korralen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide