Asier Itulain: "Saiatzen naiz ahalik eta azkarren margoekin lanean hasten"

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 29a

Asier Itulain. (Utzitakoa)

Tentatuta dago, baina oraindik ez du erabaki Asier Itulainek (Azpeitia, 2004) igandean V. Kale Pintura Lehiaketan parte hartuko duen ala ez. 2023an bai, lehiatu zen, eta herritar onenaren saria irabazi zuen, gainera.

2023an, bigarren aldian, parte hartu zenuen Kale Pintura Lehiaketan. Zer oroitzapen duzu esperientzia hartaz?

Espektatiba handirik gabe aurkeztu nintzen. Lehendabizikoan ez nintzen animatu, tarterik gabe harrapatu ninduelako, eta bigarren aldiz antolatu zutenean parte hartzea erabaki nuen. Formatu nahiko txikia aukeratu nuen, A-3 neurriko orri batean egin nuen margoa. Ez nekien oso ondo zer egin; probatzeagatik irten nintzen.

Zer margotu zenuen?

Akuarela bat egin nuen. Ikasberriko zelaietara joan nintzen, eta Olatz eta haren inguruko zelaiak-eta erakusten zituen margolana egin nuen.

Hiru urteren buruan, berriro parte hartu ala ez zabiltza. Zergatik?

Esperientzia ona izan zen duela hiru urtekoa, baina probatze aldera irten nintzenez, neurriarekin-eta ez nuen asmatu. Epaimahaikoek hori komentatu zidaten bere garaian, neurri handiagoko lanak gehiago gustatzen edo eskertzen direla horrelako lehiaketetan. Une hartan ez nituen baliabideak baditut orain, eta orduko esperientzia hobetzeko aukera ikusten dut.

Denbora mugatuan artelan bat sortzeko gaitasuna eskatzen dute kale pintura lehiaketek. Zer behar da azkar eta ondo margotzeko?

Bakoitzak bere gakoak ditu, baina ni saiatzen naiz ahalik eta azkarren margoekin lanean hasten. Arkatzarekin edo dena delakoarekin zirriborro azkar bat egiten dut, formak-eta gutxi gorabehera non dihoazen ikusteko gehienbat, eta gainean pinturarekin kapak gehitzen joaten naiz. Erabilitako teknikak ere badu eragina; akuarelak ez dizu uzten hainbeste kapa gainjartzen, baina akrilikoak, adibidez, bai. Niri kapak jartzen joatea gustatzen zait, proba eta errorea: gauzak uztartzea eta aldatzea, etengabe.

Zein dira lehiaketa horietarako material eta teknika egokienak, zure ustez? 

Neu ez naiz olio zalea, besteak beste, lehortzen denbora gehiago behar izaten duelako. Denbora mugatu baterako, hobeto funtzionatzen didate azkarrago lehortzen diren teknikek: akrilikoa, akuarela, gouache-a edo, bestela, teknika lehorrak, arkatzekin edota errotuladoreekin. Baina badago olioa gustuko duen eta denbora mugatuan ere horrekin ondo moldatzen den jendea.

Komikiak eta ilustrazioak jorratzen dituzu zuk nagusiki. Kale pintura lehiaketetan aritzeko lagungarriak al zaizkizu zure ohiko teknikak?

Ilustrazioak normalean eskuz egiten ditut eta gouache teknika erabiltzen dut askotan, eta gouache-a pintura da. Aldatzen dena da, kasu honetan, mihisea izan beharrean papera dela euskarria eta formatuak txikiagoak direla. Uste dut materiala eta teknika aurrez menderatzeak errazago eta azkarrago pintatzen laguntzen dizula. Bestalde, unibertsitatean, marrazketa klaseetan dezente estutzen gintuzten azkar marraztu genezan, eskua egiteko eta erraztasuna hartzeko. Marrazten erraztasuna badaukazu, erraz kokatzen dituzu osagaiak. Beraz, praktikak asko eragiten du.

Igandean, parte hartzen baduzu, etxetik zer hartuta irtengo zara? 

Mihise bat erosiko nuke seguruenez, duela hiru urte papera eta euskarri sendo bat hartu nituen bezala. Horrekin batera, motxila batean sartuko nituzke margo denak. Asto txiki bat ere badaukat, eta aukeratutako tokiaren arabera, hura ere hartuko nuke.

Tokia aurretik pentsatuta izango al zenuke?

Eguraldiak asko eragin dezake. Aurreko aldian, bai, gutxi gorabehera erabakita neukan zer aldetara jo. Eguraldiaren iragarpenari adi-adi egon nintzen; goizerako eguraldi ona ematen zuten, eta eguerditik aurrera txartzera egingo zuela. Beraz, eguraldi ona egin zuen tartea ahalik eta gehien aprobetxatu nuen, eta txartzen hasi zenean, aterpera mugitu nintzen. Niretzat, kale pinturaren grazia da zauden tokitik ikusten ari zaren hori hantxe bertan margotzea. Argazki bat atera eta margotzera beste leku batera edo aterpera joan zaitezke berez, baina iruditzen zait kale pinturaren xarma aurrez aurreko hori dela.

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide