Datorren asteazkenean, maiatzaren 6an, Urola Erdian ispiluaren aurrean kanpainaren barruko Azpeitiko parte hartze saioa izango da, 18:30ean hasita, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Saio horretan, eskualdeko eta herrietako egoera aztertzeko, ezagutzeko, proposamenak lantzeko eta lehentasunak adosteko aukera izango dute herritarrek.
Parte hartze saioan Elisa Sainz de Murieta geologian doktoreak hitzaldia emango du aurrena, eta Azpeitiko nahiz eskualdeko datuak azalduko dituzte. Ondoren, partaidetza dinamika egingo dute saiora joandako herritarrek, Zein dira lehentasunak? galderari erantzunez.
Aurreko astean, apirilaren 28an, Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren barruko solasaldi zikloko hitzordua izan zen Basazabal jauregian. Zer energia eredu nahi du Azpeitiak? izenburu hartuta jardun zuten hizketan Markel Peñalba Mondragon Unibertsitateko irakasle eta Ikerbasque zientzia fundazioko ikertzaileak, Alazne Arruti Goienerreko kideak eta Gorka Laurna Stop Fosilak taldeko kideak, Oihana Elduaien Berria-ko kazetariak gidatuta.
Urola Erdiko udalek, Iraurgi Berritzen garapen agentziak eta Laienek sustatutako kanpaina da Urola Erdia ispiluaren aurrean.