Gipuzkoako euskal dantzen azken mende inguruko bilakaeraz jakin nahi duenak, hitzordua du bihar Azpeitiko Dinamoa sormen gunean (19:00). Gipuzkoako dantza maisuen sistema Urola Erdian izenburupean, foru aldundiak Dantzan elkartearekin elkarlanean martxan duen Dantzan Ikasi programaren barruan, eta aurten 50 urte beteko dituen Sahatsa dantza taldearen ekimenez, mintegia eskainiko du han Mikel Sarriegik (Beasain, Gipuzkoa, 1965). Doako saioa izango da.
Dantzaria eta dantza maisu ezaguna da Sarriegi. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa zazpi aldiz irabazitakoa eta talde ugaritan aritutakoa, Beasain jaioterriko Aurtzaka dantza taldeko irakasle eta zuzendaria da. Baina, horrez gain, Gipuzkoako dantza tradizionalen aldaerak, bilakaera eta dantza maisuen ondarea ikertzen eta jasotzen aritu da azken mende laurdenean Sarriegi. 2023an argitaratutako Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburuan jaso zituen beasaindarrak ikerketa horren emaitzak.
Bihar, liburu horretan jasotakoetatik abiatuta, Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua. Eta Urola Erdian zer? hitzaldia eta, horrekin batera, azalpen praktikoak ere eskainiko ditu Dinamoan. Dantzaren mundua barrutik bizi dutenei ez ezik, jakin-mina izan dezakeen herritar orori zuzendutako saioa izango da biharkoa, Sarriegik dioenez: "Ez da liburu aurkezpen bat, ezta hitzaldi hutsa ere. Liburua bera aurkezteaz gain, badu bigarren zati bat, herriari lotuagoa. Kasu honetan, ikerketa lan horren barruan Urola Erdia, eta bereziki Azpeitia eta Azkoitia, nola eta non kokatzen diren azalduko dugu. Zati hori erdi praktikoa dela esan dezakegu, neronek erakusten ditudalako mugimenduak eta. Zerbait mistoa da, beraz, eta horregatik izendatzen dugu mintegi gisa. Ordu eta erdi eta bi ordu arteko saioak izaten dira, baina oraindik ez zaigu inor alde egiteraino aspertu".
Gorde, galdu aurretik
Herriz herri dantza taldeak sortu eta orokortu aurretik, Sarriegik "dantza maisuen sistema" gisa izendatzen duena zen nagusi Gipuzkoa osoan: "Herri bakoitzak izaten zituen bere dantza maisuak, eta horiek kontratatu edo hitzartzen ziren herriko dantzariak prestatzeko, batez ere, festetan edo errituetan dantza zezaten. Dantza maisuen sistema hori indarrean egon zen 1936ko gerrara arte". XX. mendearen bigarren erdian, dantza taldeak indartzen eta dantza maisuen sistema hori "pixkanaka desegiten" joan zirela dio Sarriegik, baina herri batzuetan beste batzuetan baino hobeto eutsi zioten dantza maisuek. Ordizia eta Beasain daude azken horien artean; "horregatik ezagutu nuen dantza maisuen sistema", kontatu du Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburuaren egileak.
Duela mende laurden bat, dantza maisuen sistemaren galerak eta dantza taldeen dantzaeraren homogeneizazioak eragiten zioten dagoeneko kezka Sarriegiri, eta Aranzadi zientzia elkarteko Joxealberto Andres etnografo ordiziarrak eman zion azken bultzada. "Hark esan zidan Ordizian artean bazirela bizirik zeuden dantza maisu izandako hainbat, eta lanketa bat egin beharra zegoela, haien ezagutza guztia jasotzeko. Ni kontzientze nintzen gauzak aldatzen ari zirela: ez zen bakarrik nola edo zeinek irakatsi dantzan, zer irakasten zen ere bazen". Horrela hasi zen Sarriegi herriz herri ikertzen, tokian tokiko dantzak eta aldaerak ezagutzen, aztertzen eta jasotzen.
Duela bi urte pasatxo argitara eman zuen liburuan "30 bat herritako dantza ezagutza" dago jasota; Gipuzkoako herriak dira ia denak, nahiz eta Markina Xemein (Bizkaia) edo Lesaka eta Bera (Nafarroa) mugakideak tartean dauden, "haiek ere Gipuzkoako sistema berekoak" direlako, euskal dantzaz arituz gero. Dozenaka lagunekin hitz eginda azaleratu ditu Sarriegik tokian tokiko dantzen ezkutuko altxorrak eta herri bakoitzean lorratza utzi zuten dantza maisuen ondarearen aztarnak.
Uste oker bat oinarrian
Dantza maisuak ezagututakoa da Sarriegi, eta dantza taldeen aspaldiko urteetako bilakaera ere bai. Azken horrek hartu duen bidea garai bateko dantza erakusleen moldeetatik nola urrundu den lehen lerrotik bizi izan du, beraz. "Denok bukatu dugu nolabait berdintsu dantzatzen", dio Sarriegik. "Estandarizatu eta homologatu egin da dantza egiteko sistema bat, eta izena eta guzti jarri zaio: Gipuzkoako dantzaera", gaineratu du.
Estandar horren parean edo azpian, baina, hainbat herritan beren dantzaerari eutsi diotela erakusten du Sarriegiren ikerketak. "Guretzat ere harrigarria izan zen zenbait herritan gaur egun ere desberdin dantzatzen segitzen dela ikustea, baina bazterrean utzitako edo ezkutuan gelditutako zerbait dira desberdintasun horiek; horregatik gehitu genion liburuaren izenburuari Oinordetza ezkutua hori, bigarren mailan bezala gelditu direlako". Nagusitu den estandarraren aurreko eta aspaldiko dantzaerak mantendu dituztenek ere apartekotzat hartzen dituztela erakusten duen adibidea kontatu du: "Herri askotan, 'Gipuzkoako eran honela, eta herriko eran honela' egiten dutela azaltzen dizute bertakoek, bereizketa eginez; beraien herrikoa ez dute Gipuzkoakotzat hartzen, pentsa".
Hizkuntzarekin alderaketa eginez, dantza taldeen bidez estandarizatu dena batua litzateke, eta herrietan mantendu dituzten bertako dantzaerak, euskalkiak. Hizkerarekin gertatzen denaren antzera, herri batetik bestera eta kilometro oso gutxiren barruan dantzaeran "desberdintasun harrigarriak" topatu ditu Sarriegik bere ikerketa lanean, eta horrek dakarren "aberastasuna" eta hori gordetzearen "garrantzia" aldarrikatzen ditu liburuan. Herri askotan galduta edo galbidean dagoen aberastasuna, beste batzuetan "osasuntsu" iritsi da gaurdaino.
Baina hizkuntzaren eta dantzen estandarizazio prozesuek ez dute elkarren antzik izan, Sarriegiren esanetan. "Batuaren homologazioak eduki du prozesu bat, kontrolatua eta zilegitua, eta dantzaren kasuan ez da horrelakorik egon", dio. "Donostiako eta Donostia inguruko dantza taldeek edo dantza maisu jakin batzuek garatu duten sistema nagusitu da beste guztien gainetik" azaldu du ikerlariak. Are gehiago, "Donostialdeko eredua balioesteko edo zilegi bihurtzeko", oinarrian "uste oker" bat egon dela iritzi dio: estandarra "Iztuetaren ildoa jarraitu zuten dantza maisuen oinordetza dela" pentsatzea. "Lan honek demostratu du, nolabait, uste hori oso zalantzan jartzekoa dela. Oinarrian egon daiteke zerbait, bai, baina egon dena da tradizio kontuetan gertatu ohi den zerbait: gauzek eboluzionatu egiten dutela".
Ezagutza gordetzeaz gain, hori dantzari belaunaldi gazteei transmititzea da "polita eta interesgarria" Sarriegirentzat, "egiten ari diren horren atzean zer dagoen jakin dezaten".
Mikel Sarriegi, liburuaren Beasaingo aurkezpenean, 2024an. (Iñaki Erauskin)