Iazko abenduan obrak hasteko prestaketak egin ondoren, urtarrilaren erdian hasi zituzten GI-631 errepideko saihesbidean Zestoatik Azpeitia sarreran Urola ibaiaren gaineko zubia birgaitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentua ari da lan horiek egiten, eta dagoeneko zubiaren alde bateko lanak eginda, beste zatikoak hasi dituzte.
Zubia eraberritzeko eta sendotzeko lanak hasi zituztenetik, zubipetik igarotzen den bidegorria itxita eta trafikoa semaforo bidez zuzenduta dago, bi norabideetako pasoa txandaka emanez.
Lanak hasitakoan foru aldundiak adierazi zuen zubia berritzeko lanak egiteko sei hilabete inguru aurreikusten zituztela. Behin zubiaren errei bateko lanak eginda, obrak bide onean doazela esan dute, eta uztailerako bukatuta izatea nahi dute.