450 korrikalariekin abiatu da 09:00etan Domusa Teknik 15 MLK lasterketa Azpeitiko plazatik eta, hirugarren urtez jarraian, Aritz Egea urretxuarra izan da 26 kilometroak osatzen azkarrena. 2.04.58 denboran iritsi da Egea helmugara. Emakumeetan, Onditz Iturbe izan da lasterketaren garaile; 2.29.45 denboran osatu du hark ibilbidea.
Probaren hasieran lasterketaren buruan jarri da Egea, baina Ibai Angulo eta Xabat Manzisidor korrikalari azpeitiarrak parez pare jarri zaizkio eta hirurak batera iritsi dira Ikasberrin dagoen Gune Urdinera. Xoxoterako bidean, baina, Egeak aurrea hartu die biei, eta hura izan da aurtengo garailea. Angulok bi minutu eta 11 segundo gehiago behar izan ditu helmugaratzeko, baina iazko arantza ateratzea lortu du bigarren postuan sailkatu eta podiumean sartuta. Mario Mirabel izan da, azkenean, hirugarrena, 2.09.05 denbora eginda.
Emakumeetan, berriz, Onditz Iturbe lasterketaren buruan kokatu da hasiera-hasieratik, eta harentzat izan da probaren garaipena, 2.29.45 denbora eginda. Lola Oiarzabal helmugaratu da bigarren postuan (2.32.25), eta biekin batera, Irati Azkargortak osatu du podiuma (2.34.40). Lehenengo azpeitiarra, berriz, Eneritz Aramendi izan da (2.36.19). Ikasberriko Gune Urdinera bigarren iritsi da azpeitiarra, baina Xoxoterako igoeran Oiarzabalek eta Azkargortak aurrea hartu diote, eta azkenean ez du lortu podiumean sartzerik. Emakumeetan laugarren helmugaratu da Aramendi.