Suhar Gesalagak eta Eli Zalduak irabazi dute Gaztetxeak Bertsotan sariketaren txapela

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 17a

Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua, atzo, finalean. (Azkoitiko Gazte Asanblada)

Hiru bikotek jokatu zuten atzo Gaztetxeak Bertsotan sariketaren finala Azkoitian, eta Suhar Gesalaga azpeitiarra eta Eli Zaldua nagusitu ziren saioan.

Gaztetxeak Bertsotan sariketaren finalak hartu zuen atzo gauean Azkoitiko Gaztetxea, eta Suhar Gesalaga azpeitiarrak eta Eli Zalduak jantzi zuten txapela, umorea nagusi izan zen bertso saioan. Haiekin batera abestu zuten Aitor Tatiegi eta Iradi Barrenetxeak zein Haira Aizpurua eta Ander Sarriugartek osatu zuten bikoteek, eta horiek ere jaso zuten saririk: Tatiegik eta Barrenetxeak bi pertsonentzako afaria irabazi zuten, eta Azkoitiko Gazte Asanbladaren saria, berriz, Aizpuruak eta Sarriugartek jaso zuten; Kaku zakelaren mozorro bana, alegia. 

Zaleek Gaztetxea goraino bete zuten atzoko finala ikusteko, eta Iñaki Goenaga zein Nora Unanue gai jartzaileek gidatuta egin zituzten bertsoak hiru bikoteek. Ohiko lanak ez ezik, askotariko ariketak egin zituzten bertsolariek, hainbat jolasetan oinarritutakoak zein segidillak, besteak beste.

(Argazkiak: Gaztetxeak Bertsotan eta Azkoitiko Gazte Asanblada)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide