Partida garrantzitsua jokatu zuen Lagun Onaken gizonen lehen taldeak atzo arratsaldean Garmendipen: Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko lehen kanporaketako joaneko partida, Derioren kontra. Garmendipe futbol zelaiaren bueltan jende ugari elkartuta zela, 2 eta 0 irabazi zuen Lagun Onakek. Era horretan, pauso bat aurrera egin du igoera fasean, eta datorren jardunaldirako bi golen abantaila lortu du.
Jokoa mendean hartuta hasi zuen Derioren kontrako partida atzo Lagun Onakek. 30. minutuan Bastidak diagonalean baloia atera, Leizak Sorazuri pasatu eta honek Derioren atean sartu zuen. Markagailua 1 eta 0 jarrita, lehen zatia bukatu bitartean, Lagun Onakeko atezainak, Bastidak, ez zuen atea zaintzeko lan handirik izan.
Bigarren zatian iritsi zen Lagun Onaken bigarren gola. Galdutako baloiari heldu, Sorazuk Alex Letamendiaren esku utzi, eta honek bisitarien atean sartu zuen 47. minutuan. Behin partida 2 eta 0 irabazita poza nagusitu zen Garmendipen Lagun Onakeko jokalarien eta zaleen artean.
Emakumeek ere garaipena
Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek ere garaipena lortu du asteburuan jokatutako jardunaldian. Ostiralean jokatu zuten Oriokoren kontra Garmendipen; 3 eta 0 irabazi zuten. Aurreneko minutuetan kostatu egin zitzaien Azpeitiko jokalariei jokoan murgiltzea, baina 24. minutuan lehen gola sartu zuen Elene Alonsok. Bigarren gola ere aurreneko zatian sartu zuten Lagun Onakekoek; Malen Zabalak egin zuen gol hori. Bigarren zatian, berriz, gogor atera ziren joko zelaira herriko futbol taldekoak, eta 46. minutuan June Casinak hirugarren gola erdietsi zuen.
Datorren asteburuan bukatuko dute Ohorezko Erregional Mailakoek denboraldia, Touringen kontra jokatuta.