Datorren astelehenean zabalduko dute estali gabeko igerilekua

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 26a

Kanpoko igerilekua.

Ekainaren 1etik irailaren 27ra arte izango da zabalik kanpoko igerilekua, egunero, 11:00etatik 20:00etara. Kanpoko igerilekuaren eremuan dagoen estalitako zatiak erabilera mugatua izango du aste batzuetan, entrenamenduak eta ikastaroak tarteko. Aurten ere ez da kantinarik izango igerilekuaren eremuan. 

Datorren astelehenean, ekainaren 1ean, zabalduko du Azpeitiko Udalak estali gabeko igerilekua. Uda sasoia iristearekin zabalduko dituzte kanpoko igerilekuko ateak, eta irailaren hondarrera arte egunero izango da zabalik. Hain zuzen ere, hil horren 27an, igandez, itxiko dute azpiegitura.

Lau hilabetez izango da, beraz, zabalik kanpoko igerilekua, egunero, 11:00etatik 20:00etara bitartean. Dena den, azken urteetako moduan, kanpoko igerilekuaren eremuan dagoen estalitako zatiak erabilera mugatua izango du igeriketa ikastaroak eta entrenamendu saioak tarteko. 

Kirol Patronatuko bazkideek doan sartu ahal izango dute estali gabeko igerilekura. Gainerakoek, berriz, ordaindu egin beharko dute azpiegiturara sartzeko: 7,6 euro adinez nagusi direnek, eta 5,8 euro, 18 urtez azpikoek, ikasleek, langabeek eta jubilatuek. Harmar sarrerako bonuak ere jarriko dituzte eskuragarri, halaber. Aurten ere ez da kantinarik izango kanpoko igerilekuan.

Obrak hasita

Kanpoko igerilekuaren berdegunea handitzeko lanekin hasi dira egunotan. Igerilekuaren barrualdetik jardungo dute lanean, eta gero hasiko dira kanpoko lanekin. Udalak zehaztu duenez, lanen eremua hesituta egongo bada ere, komunak eta aldagelak erabiltzeko ez da eragozpenik izango, eta kanpoko igerilekuko gainerako azpiegitura guztia ere erabilgarri izango da.


Kanpoko igerilekuaren berdegunea handitzeko lanak. (Aitziber Arzallus)

Udalak 75.000 euro bideratuko ditu obra horretara, eta Art enpresa ari da lanean. Zehazki, kantina kendu egingo dute eta aldagelen nahiz komunen atzeko eremua handitu; beraz, aurtengo uda sasoiaren zati handi batean berdegune zabalagoaz gozatu ahal izango dute herritarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide