Igandean Derioren kontrako partida ikustera joateko autobusa antolatu du Lagun Onakek

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 20a

Lagun Onaken eta Derioren arteko partida, joan den igandean, Garmendipen. (Lagun Onak)

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko lehen kanporaketa itzulerako partida jokatuko du igandean, Derion, 18:00etan hasita, eta zaleentzako autobusa antolatu du klubak. Joan nahi dutenek, bihar edo etzi, 14:00etatik 20:00etara, Garmendipeko leihatilan eman beharko dute izena. 18 urtetik gorakoek 20 euro ordaindu beharko dituzte; eta 18 urtez azpikoek, 5 euro.

Igande arratsaldean hitzordu garrantzitsua du Lagun Onaken gizonen lehen taldeak Derioko (Bizkaia) Ibaiondo futbol zelaian. Jose Luis Riberak gidatzen duen taldeak Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko lehen kanporaketako itzulerako partida jokatuko du han, 18:00etan hasita, eta zaleen babesak jokalariei indarra emango diela iritzita, Azpeititik Deriora joateko autobusa antolatu du klubaren zuzendaritzak.

Autobusa igandean 16:15ean abiatuko da Azpeititik, Garmendipe futbol zelaiaren paretik, eta han joan nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena. Horretarako, Garmendipeko leihatila zabalduko dute ostegun eta ostiral arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara. 18 urtetik gorakoek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta kopuru horren barnean sartzen dira autobusaren kostua eta futbol zelairako sarrera. 18 urte baino gutxiago dituztenek, berriz, 5 euro besterik ez dituzte ordaindu beharko, adin txikikoei partidarako sarrerarik ez kobratzea hitzartu dutelako bi klubek.

Joan den igandean, Garmendipen jokatutako joaneko partidan, Azpeitiko taldea 2-0 gailendu zitzaion Deriori; horrenbestez, bi golen errentarekin, kanporaketa nahikoa bideratuta duela ekingo dio itzulerako norgehiagokari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide