Ertzaintzak 71 urteko gizon bat atxilotu du Azpeitian, haur pornografia delitua leporatuta. Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, joan den asteartean miaketa egin zuen haren etxean, Azpeitiako Epaitegiaren baimenarekin, eta haurrak ageri ziren sexu izaerako materiala aurkitu zuten haren gailu elektronikoetan. Guztira, 110.000 artxibo informatiko zeuzkan hark; hau da, 280 GB. Hori dela eta, atxilotu egin zuten gizona, haurren sexu abusuen materiala edukitzea leporatuta. Polizia eginbideak amaituta, Ertzaintzak epailearen eskuetan utzi du gaur goizean atxilotutako gizona.
Urola Kostako ertzain etxeko eta Ertzaintzaren barruan zibersegurtasuna koordinatzeaz arduratzen diren agenteek gizon bat ikertu dute azken asteetan, jakin baitute gizon horrek haur pornografiarekin erlazionatutako bideo eta irudi artxiboak eduki zitzakeela bere gailu informatikoetan. Hori horrela, asteartean ertzainak Azpeitiko etxebizitza batean sartu ziren hura miatzeko, eta haurren sexu abusuekin erlazionatutako material ugari aurkitu zuten han. Gizonak hainbat erabiltzaile kode eta gako zituen esku artean, sarean eta pedofiloek adin txikikoekin egindako pornografia edukiak partekatzen edo transferitzen dituzten aplikazioetan erabiltzeko.
Gizona 2011n ere atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak adin txikikoak galbideratzea leporatuta, eta 2014an Guardia Zibilak atxilotu zuen gizon bera adin txikikoen pornografia delitua leporatuta. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du irudietan agertzen diren biktimak eta egitateetan inplikatuta egon litezkeen beste delitugile batzuk identifikatu ahal izateko.