Emakumeen Txokoak, Azpeitiko Udalak, Astindu Armayuek kolektiboak eta Eihera kooperatibak jarri dute Ertzetako ahotsak oholtzara ekitaldia egiteko data: ekainaren 12an, ostiralez, egingo dute maiatzaren 15ean soinu teknikarien greba tarteko atzeratu zuten ekitaldia. Sanagustin kulturgunean egingo dute, 18:00etan hasita.
LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen maiatzaren 17a, sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko eguna, eta data horren bueltan antolatu zuten LGTBI mugimendua saretzeko eta izu kolektiboari aurre egiteko hitzordua. Aste batzuk beranduago bada ere, helburuari eutsi eta hitzordua egingo dute: Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburra emango dute aurrena, eta gero, luntxa eta Emakumeen Txokoko DJ tailerrean aritu diren lagunen emanaldia izango da. Gainera, udalak aurreratu duenez, Siwanaba DJaren saioa ere izango da.
Ertzetako ahotsak oholtzara dokumentala Eihera kooperatibak egin du, eta herriko LGTBIQ+ pertsonen bizipenak, memoriak eta esperientziak bildu dituzte ikus-entzunezkoan. Dokumentalaren bidez, ahots horiek erdigunean jarri nahi izan dituzte, memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko eta erreparazioan sakontzeko. Hain zuzen ere, sentsibilizazioa lantzeko erabili nahi dute dokumentala, besteak beste, herriko ikastetxeetan.
Duela bi urte hasitako prozesua
Duela bi urte hasi zen Eihera kooperatiba herriko LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa egiten, Azpeitiko Udalaren ekimenez, eta diagnostiko harekin batera ekintza plan bat ere osatu zuen. Prozesu hartan atera zen ondorioetako bat izan zen memoria eta erreparazioa lantzen jarraitzeko beharra zegoela herrian, urte luzez isilarazi edo ikusgarritasunik gabe egon diren bizipenei aitortza egiteko eta tokia emateko.
Iazko urrian, berriz, LGTBIQ+ jardunaldiak egin zituzten Azpeitian, Kontuan hartzeko kontatua izenburupean, hausnarketarako eta elkargunerako espazioak sortzeko helburuarekin. Aurten, berriz, beste urrats bat egin da norabide berean, eta horren emaitza da Ertzetako ahotsak oholtzara dokumental laburra.
Egitaraua
- 18:00. Dokumentalaren proiekzioa.
- Ondoren, luntxa kanpoan.
- 19:00. DJ tailerreko ikasleen saioa.
- 20:00. Siwanaba DJaren emanaldia.