Aire libreko atletismoko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten larunbatean Arrasateko Mojategi pistan, eta Ibai Maizek lehen postua eskuratu zuen 18 urtez azpiko kategorian, hiru kilometro 9:24.99 denboran eginda. Horrenbestez, azpeitiarrak urrezko domina jantzi du oraingoan, joan zen hilean Gipuzkoako 1.500 metroko txapelketan hirugarren postua lortu eta gero. Laia Urrestilla azpeitiarrak, berriz, zilarrezko domina jantzi zuen 16 urtez azpikoen mailan, proba 11:58.39 denborarekin burututa.
Bestalde, Ane Bosch Xeye atletismo taldeko korrikalari azkoitiarrak urrezko domina zintzilikatu zuen 18 urtez azpiko kategorian, proba 10:55.23 denborarekin osatuta.
Hiru atleta horiez gain, Xeyeko beste zenbait korrikalarik ere 100 zein 800 metroko hainbat proba egin zituzten larunbatean Arrasaten izandako jardunaldian, eta horiek ere denbora "oso onak" egin zituzten.