Penaltiak gelditu, Sevillako La Cartujan heroi bihurtu eta Realaren historian bere lekua irabazi du Unai Marrero atezainak (Azpeitia, 2001). Txuri-urdinek Espainiako Errege Kopan lortutako garaipenaren protagonista nagusietako bat izan zen, zale askorentzat gau magiko haren ikur bilakatzeraino. Apirilaren 18 hartan jazotakoa irentsi nahian ari da azpeitiarra.
Espainiako Errege Kopako garaipenaz hausnartzeko izan duzu denbora pixka bat. Zer hausnarketa egin duzu ordutik?
Azken hilabete honetan ikusi ahal izan dugu zer-nolako inpaktua izan duen jendearengan Realak kopa irabazi izanak. Egundokoa egin dugu. Hilabete honetan jabetu gara jendeak nola bizi duen egin dugun balentria. Gustura nago pasatu den guztiarekin, baina oraindik denbora pixka bat gehiago beharko dut jazo den hau guztia neure egiteko.
Askok zuk finalean, eta bereziki penaltietan, egindako geldiketak dituzte gogoan. Ordea, txapelketa guztian izan zara taldeko protagonista nagusietako bat.
Aurtengo kopa txapelketa oso berezia izan da niretzat. Momentu garrantzitsuetan aurpegia eman dut, eta gustura nago egin dudan lanarekin, oso gustura nago jendea horren zoriontsu egin izanagatik. Penalti geldiketekin ere bai, noski, baina finalean emandako itxurarekin eta urte guztian zehar egindako lanarekin gelditzen naiz. Beti dago hobetzeko zerbait, eta horretan saiatuko naiz.
Zein izan zen kopako garaipenaren unerik bereziena?
Erantzunik ohikoena izango da beharbada, baina finalarekin berarekin gelditzen naiz. Nolanahi ere, aurtengo kopa txapelketan aukera izan dut momentu on bat baino gehiago bizitzeko. Esaterako, gogoan dut final zortzirenetako kanporaketan Osasunaren aurka jokatuko partida. Oroitzapen onak ditut gordeta neurketa hartatik, eta ez bakarrik penaltien txandakoak. Partida galtzen hasi ginen, eta lehia iraulita, luzapena behartu genuen. Penalti bat huts egin genuen aurretik, baina penaltien txandan gure aldera erori zen txanpona gero. Oso momentu berezia izan zen hura. Kanporaketa hura eta gero, ordea, min hartu nuen, eta ezin izan nuen final laurdenetan Alavesen aurka Mendizorrotzan jokatu. Garai hura ez nuen oso ondo pasatu, baina jendeak ikaragarrizko babesa eman zidan. Niretzat oso hunkigarria izan zen babes hori guztia jasotzea.
"Realaren zaleek egundoko babesa ematen didatela sentitzen dut"
Sumatu zenuen, beraz, zaleek nahi zutela zu zelaian ikustea?
Bai. Realaren zaleek egundoko babesa ematen didatela sentitzen dut. Azpeitiarrak, Azpeitian, oso ondo portatzen dira nirekin, baina, era berean, sentitzen dut jarraitzaileak, oro har, nirekin daudela. Zaleekin dudan konexioa oso berezia da, eta oso eskertuta nago ematen didaten berotasunagatik eta maitasunagatik.
Zein unetan pentsatu zenuen "final hau gurea da"?
Partida guztian zehar aurretik izan ginen markagailuan, baina ikusten genuen, baloiaren jabetza izanik, Atletico Madril asko estutzen ari zela. Gure erasoak aldizkakoak izan ziren, baina horixe zen partidarako genuen plana. Egia da gauzak oso beltz ikusi genituela Atleticok bigarren gola egin zuenean, baina luzapena jokatu aurretik hizketaldi bat izan genuen jokalariok eta teknikariek, eta ondoren, hazi egin ginen. Iruditzen zait une horretan jendeak pauso bat eman zuela aurrera, eta orduan sinetsi genuela kopa irabaztea posible zela. Halaxe izan zen.

Baduzu errutina berezi bat, zuri penaltia jaurti aurretik gauzatu ohi duzuna. Haur bat baino gehiago dabil dagoeneko zure mugimendu horiek irudikatzen. Nondik datorkizu horretarako joera?
Gorputza mugitzeak laguntzen dit aktibo egoten eta une hori hobeto bizitzen; penaltietan murgiltzen eta berdegunetik kanpoko gauzetaz ahazten laguntzen dit. Era berean, mugitzen ari naizen une hori baliatzen dut penaltia nola geldituko dudan irudikatzeko. Mugimenduan lortzen dut hori guztia. Jendeak dantza bat dela badio ere, niretzat ez da hala.
"Bizitza aldatu egin zait pixka bat, jendeak gehiago ezagutzen nau eta"
Arconadak Atletico Madrilen aurkako 1987ko kopako finalean egindako balentria errepikatu zenuen. 2026ko kopak zure sinadura darama.
Protagonismo puntu bat izan dut aurtengo kopa txapelketan, baina taldeak egin duen lana da nabarmendu beharrekoa. Gogoan izan behar da momentu batean baino gehiagotan txapelketatik kanpo ikusi genuela gure burua, eta taldeak guztia emateko bultza egin zuela une horietan. Horregatik, lorpena talde guztiarena dela sentitzen dut. Aurtengo garaipen hau urteetan oroituko dute zaleek, baina taldeak egindako lanaz akordatuko dira.
Arconadak badu bere abestia, baina baita zuk ere, ezin donostiarragoa, ezin azpeitiarragoa. Danborradarekin lotura duen abesti bat hasi dira zuri abesten. Zer sentitzen duzu harmailetatik modu horretan abesten dizutenean?
Ederki oroitzen naiz zein momentutan hasi ziren abesti hori kantatzen: Osasunaren aurkako kanporaketako partidan entzun nuen aurrenekoz, penaltien txandari ekin baino lehen. Norbait hasiko zen niri abesti hori kantatzen, eta gero guztiek jarraipena eman… Anoeta osoa abesti hori kantatzen ari zela sumatu nuen. Berezia da, egia esan.
Finala baino egun batzuk lehenagotik zenekien hamaikakoan izango zinela. Nola kudeatu zenituen aurreko egun horiek?
Zaila da halako zerbait buruan sartzea, baina horretan saiatzen gara futbol jokalariok. Guztiok genekien partida horrek zer nolako garrantzia zuen. Finala zen, eta finala izanik, guztion ahotan zegoen partida hori. Garrantzia handia eman genion finalari, baina beste partida bat gehiago zela sinesten saiatuta. Pentsaera horrekin prestatu nuen nik finala. Zaila izan zen, baina ondo kudeatu nuen egoera. Saiatu nintzen finala irudikatzen eta lasai egoten, kanpoko jendeari kasu gehiegi ez egiten, eta nire ohiko errutinan zentratzen.
"Nire helburu nagusia jokatzea da, eta horretarako prestatzen naiz"
Finala bukatu zenean, gauza asko igaroko ziren zure burutik. Norekin edo zerekin oroitu zinen?
Finala bukatutakoan prentsaren aurrean hitz egin behar izan nuen, eta nabaritzen zitzaidan artean garaipena neure egin gabe nengoela. Dena den, gertuko jendearekin oroitu nintzen, familiarekin, lagunekin, bikotekidearekin eta amonarekin. Gainera, banekien nire familiakoak harmailetan non zeuden kokatuta, eta lehen penaltia gelditu nuenean, lortu nuen lehengusu bat ikustea. Momentu hori benetan iltzatuta dut.
"Oso azpeitiarra naiz" esan zenuen finala irabazi eta gero egindako lehen adierazpenetan. Esan hori asko gustatu zen Azpeitian.
Azpeitian hezi naiz eta Azpeitian egin dut bizitza. Herriarekin lotura handia dut, hemen ditut familia, lagunak eta bikotekidea, hemen dut bizitza. Oso gustura sentitzen naiz hemen.

Azpeitiko plazatik kasik airean atera zintuzten herriak harrera egin zizuen egunean. Asko aldatu al zaizu bizitza Realarekin kopa irabazi zenuenetik?
Herritar askok gelditzen naute argazkia ateratzea edo kamisetaren bat sinatzea eskatzeko. Finala eta gero, bizitza aldatu egin zait pixka bat, jendeak gehiago ezagutzen nau eta. Lan honen parte da hori ere. Nolanahi ere, lagunekin-eta nabilenean lasai ibiltzen naiz Azpeitian.
Protagonismo gutxi izan duzu amaitu berri den liga txapelketan. Futbolerako bizi den gazte batentzat zaila izango da astea joan eta astea etorri partida aulkitik jarraitu behar izatea, ezta?
Nire helburu nagusia jokatzea da, eta horretarako prestatzen naiz. Astean zehar garrantzitsua da lana ondo egitea eta mentalki jokatzeko prestatzea. Liga txapelketan ez dut jarraikortasunik izan, baina kopako partidetarako guztiz zentratuta egon naiz; unea iristen zenerako prestatzen saiatzen nintzen. Gainera, sumatzen nuen nire burua gai zela horrelako momentuak bizitzeko. Mentalki ez da erraza ordezko atezainaren rola, guztiok nahi dugu-eta hasieratik jokatzea, baina aurten horrela egokitu da. Nik lanean jarraituko dut, aukera gehiago izateko.
"Datorren sasoiari begira, ikasteko balio behar digu aurtengoak"
Aurten bertan berritu duzu kontratua Realarekin, 2030. urtera arte. Zer arrazoik bultzatu zaituzte Realean segitzera?
Nire helburu nagusia da Realaren atezaina izatea. Azpeitian jaio naiz, Gipuzkoakoa naiz, eta Reala guztiona den heinean, horixe da nire ametsa. Etorkizunera begira, garbi dut nire helburua zein den: aukera eta jarraikortasun gehiago izan nahi ditut, atezain gisa hazteko.
Kopa irabazita kitatu ditu Realak zor guztiak, baina aurreikuspenetatik urrun gelditu da ligan. Zer balorazio egiten duzu taldeak aurten ligan egin duen urteaz?
Gaizki ekin genion denboraldiari, eta entrenatzaile aldaketa izan genuen gero. Aldagelak ondo hartu zuen Rino Matarazzo; entrenatzaile berriak txip aldaketa eragin zuen taldean, eta gora egin genuen. Emaitza onak lortzen hasi ginen ligan, nahiz eta kopako finalaren ondoren apur bat jaitsi. Emozio handiko uneak bizitzea tokatu zaigu, eta horregatik egin du behera taldeak. Baina positiboak izan behar gara datorrenari begira. Aurtengo denboraldiak balio behar du hausnarketa bat egiteko eta behar dugun jarraikortasuna lortzeko. Datorren sasoiari begira, ikasteko balio behar digu aurtengoak.
Zeu ere ez zara txikia, baina behetik gora begiratu beharreko entrenatzailea izango da Matarazzo. Zer eragin izan du hark taldean?
Gizon handia da, bai; ia-ia bi metro neurtzen ditu, eta horrek harridura eragin zuen aldagelan hasieran. Inork ez zuen ezagutzen entrenatzaile berria, baina orain oso gustura gaude. Ondo sartu zen aldagelan, eta energia positiboa transmititzen lagundu digu.
Denboraldia amaitu duzue. Atseden hartzeko eta datorrenari begira jartzeko unea da orain. Zer asmo dituzu datorren denboraldiari begira?
Oporretara joan eta atseden hartuko dut orain. Lasaitasuna bilatzen saiatuko naiz, baita atsedenaz gozatzen ere. Entrenamenduetara itzultzeko egunak hurbildu aurretik hasiko naiz mentalki nahiz fisikoki prestatzen. Oraindik ez dakit udan zer gertatuko den, baina uste dut gauzak ondo joango direla hemen, Donostian. Nahi nuke taldean jarraikortasun handiagoa izatea datorren sasoian, eta horretarako egingo dut borroka. Ea horrela izaten den.
