Josu Merino eskalatzailearen solasaldiarekin hasi dute udaberriko Mendi Astea

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 27a

Josu Merino eta Aitor Unanue atzoko solasaldian. (Utzitakoa)

Atzo eskaini zuen elgoibartarrak solasaldia Mendietxe museoan, hainbat lagunen aurrean; munduko hainbat txokotako hormetan bizi izandakoak azaldu zituen hark jendaurrean. Pou anaien txanda izango da gaur, eta Mikel Lizarraldek hartuko du hitza bihar. Xoxoteko egunarekin borobilduko dute Mendi Astea igandean.

Josu Merino eskalatzailea izan da Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako udaberriko Mendi Asteko lehen protagonista. Atzo eskaini zuen elgoibartarrak solasaldia Mendietxe museoan, hainbat lagunen aurrean; munduko hainbat txokotako hormetan bizi izandakoak azaldu zituen hark jendaurrean. 

Gaur, berriz, Iker eta Eneko Pou anaien txanda izango da. Gasteizko bikote mitikoak naturako elementuei aurre egiteko ahaleginetan jardun du azkenaldian, beti ere paretetan gora, eta Lau elementuen erronka izenburupean osatu duten kontakizun ikusgarria ekarriko dute 19:00etan, Soreasu antzokian. 

Bihar, berriz, Mikel Lizarralde eibartarrak hartuko du hitza. Duela zortzi urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Lizarralderi, baina hori ez du oztopo izan kirola egiten jarraitzeko, ezta mendiarekin zuen harremanari eusteko ere. Zazpi izeneko proiektuan bildu du gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik egin duen bidea, eta dokumental bat ere ondu du Pello Osoro eta Maite Arroitajauregi Mursego herrikideekin batera. Horretaz guztiaz ariko da bihar, 19:00etan hasita, Mendietxen egingo duten saioan.

Xoxoteko Eguna, igandean

Txalintxora ibilaldia egin zuten hainbat gaztetxok joan zen igandean, eta datorrenean, maiatzeko azken igandean, Xoxoteko Eguna ospatuko du Lagun Onak mendi bazkunak. 09:00etan plazan jarri dute hitzordua, hala nahi duten herritarrak elkarrekin igo daitezen tontorrera. Hara iritsita, 12:00etan meza izango da, eta 12:45ean lore eskaintza egingo dute. Jarraian, dominak banatuko dituzte gaztetxoen artean, eta ondoren, paella jana egingo dute aterpean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide