Pote Filosofikoak egitasmoaren hitzordua izango dute bihar, asteartea, herritarrek, Sanagustin kulturgunean, 18:30etik 20:00etara bitartean. Umorea gari hartuta egingo dute Txinparta filosofia elkartearen laguntzarekin Kulturaz kooperatibak martxan jarri duen egitasmoaren hirugarren hitzorduan. Herritarrak pote baten bueltan eta lagunartean elkartzen dira gai baten bueltako iritziak eta hausnarketak partekatzeko, eta biharkoan umorea gai hartuta, Maddi Nazabalek gidatuko du saioa.
Kulturazek aurreratu duenez, umoreak gai korapilotsuak sortzen ditu, eta galdera hainbat ere bai: "Txiste guztiak al dira barregarriak? Posible al da inor mindu gabeko umorerik? Modu berean baloratu behar al dira goitik beherako edo behetik gorako umorea? Publiko moduan ba al dugu erantzukizunik umorearen aurrean?". Galdera horiek eta gehiago aletzen saiatuko dira biharko bilkuran, eguneroko bizipenetatik abiatuta.
Biharkoa Pote Filosofikoak egitasmoaren barruko hirugarren saioa izango da. Aurrekoetan hainbat lagun elkartu ziren, eta aurrenekoan kuadrilla eta bigarrengoan haurtzaroa gai hartuta jardun zuten partaideek solasean.