Sanjuandegiko festak 2026

Giro ona urte osoan bizirik mantentzeko sarea ehuntzen

Kris Fernandez 2026ko ekainaren 3a

Auzotarrak dantzan, maiatzaren 15eko bertso poteoan.

XJ Auzolanean festa batzordeak ez du bere jarduna festa egunetara mugatu nahi, eta azken hilabeteetan hainbat ekintza antolatzen ari da auzoko giroa sustatzeko. Besteak beste, Erniarraitz eta YK Riders eragileekin elkarlanean ari da, auzotarrei aisialdirako aukerak eskaintzeko. Sanjuandegiko festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Urtero milaka lagun erakartzen dituzten festak antolatzeagatik da ezaguna XJ Auzolanean festa batzordea, baina azkenaldian bestelako erronka bati heldu dio: auzoa urte osoan bizirik mantentzeko ahalegina egiten ari da taldea. Batzordeko kideek ez dute beren jarduna festa egunetara mugatu nahi, eta hori horrela, hainbat ekintza antolatzen hasi dira azken hilabeteetan, auzoko harremanak sendotzeko eta giroa sustatzeko. Bide horretan, ezinbesteko bidelagunak aurkitu dituzte: herriko hainbat eragile. Besteak beste Erniarraitz eta YK Riders taldeekin elkarlanean arituta, auzoa elkargune bihurtu nahi dute, belaunaldi eta interes desberdinetako herritarrak batuko dituena.

Festa batzordeko kide Eñaut Kerejetak azaldu duenez, garai batean ohikoa zen festa egunetatik kanpo ere ekintzak antolatzea auzoan, baina urte luzez halakorik egin gabe egon ondoren, ohitura hori berreskuratzea erabaki zuten. "Kultur ekintzak edota umeentzako jarduerak antolatzeko ohitura zuten aurrez izandako festa batzordeek, eta azken urteetan festetara mugatu dugu egitaraua. Horregatik, bestelako egunak edo ekintzak antolatzen hastea garrantzitsua iruditu zitzaigun". Iaz antolatu zuten lehendabiziko bertso poteoa, eta aurten errepikatu egin dute; duela hilabete batzuk, berriz, kantu afaria egin zuten Iturri elkartean.

Bertsoak eta bizikletak

Elkarlanak aberasteko balio duela sinetsita, Sanjuandegiko festa batzordeko kideek Erniarraitz eta YK Riders taldeekin indarrak batu dituzte, auzoan dinamika berriak sortzeko asmoz. Erniarraitz bertsozale elkartearekin iaz jarri ziren harremanetan, Suhar Gesalaga elkarte horretako kideak azaldu duenez: "Bertso poteoa antolatu nahi zuten festa batzordekoek, eta kanpoko bertsolariak ekarri beharrean, egokiagoa ikusi zuten herriko bertso eskolako kideei ematea kantatzeko aukera. Erniarraitzen ere oso ondo hartu genuen ideia". Hala, hitzordurako bertsolariak eta trikitilariak lotu zituzten, eta Sanjuandegin barrena aritu ziren bertsolariak kantuan: "Garbi genuen ez genuela nahi bi bertsolari kantuan aritzea une oro. Jendeari bertsotan aritzeko aukera eman nahi genion, nahiz eta animatzen zirenak bertsolariak ez izan. Hala, bertso eskolako bospasei kide elkartu ginen txandaka abesteko, eta tarteetan, ikusleei parte hartzeko aukera eskaintzen genien mikrofonoa pasatuz".

Formatu bera errepikatu dute aurten, eta bi urtetan "oso ondo" erantzun du auzoak, Gesalagaren arabera; Sanjuandegik erakutsi du plaza bertsozalea dela. "Iaz ilusioz joan ginen, eta oso ondo hartu gintuzten. Aurten, espektatiba handiak genituen, eta bete da espero genuena. Bestelako poteoetan egoten ez den giroa sortzen da ekintza honetan, eta inoiz ikusi ez ditugun pertsonak animatu ziren kantatzera. Ikusle gisa ere jende berria zegoela nabari zen, eta hori ederra da guretzat ere, gusturago aritzen garelako".

YK Riders taldeak ere iaz antolatu zituen lehendabizikoz haurrei zuzendutako bizikleta lasterketak auzoan, festa batzordearen oniritzia jaso ondoren. Ibilbideak zehaztu, bidegurutzeak zaindu eta sariak banatu zituzten, eta parte hartzaileak zein haien gurasoak oso gustura gelditu ziren. Iazko arrakasta ikusirik, joan zen igandean berriro egin zuten bizikleta lasterketa Jose Antonio Agirre plazaren inguruan. "Elkarlanerako prest gaude beti. Aurten ere Sanjuandegiko festetan parte hartuko dugula ikusita, hurrengo urtera begira zer berrikuntza egin ditzakegun aztertzen hasiak gara. Gainera, jakitun gara horrelako ekintzak bizikleta edo gurpil gaineko kirola sustatzeko ondo etortzen zaizkigula. Gure kirolak ez du beste kirol batzuek izan dezaketen ospea, eta oso gustura gaude zaletasuna hedatzeko bide berriak jorratzeko aukera eman digutelako. Ea aurten ere jende asko animatzen den; gu bertan izango gara laguntzeko", adierazi du YK Riders taldeko Asier Leonek.

Prroposamenei irekita

Azken hilabeteetan sustatu dituzten hainbat jardueraren bitartez, auzoko giroa indartu eta herritarren arteko harremanak estutu nahi izan dituzte: "Auzotarren parte hartzea bilatu dugu ekintza denetan, eta orain arte izan duten harrera ona ikusirik, aurrera begira berdin jarraitzeko asmoa dugu. XJ Auzolanean festa batzordea da, ordea, eta gure jarduna festetera bideratzen da, batik bat". Izan ere, urte amaieran hasten dira festak antolatzen, eta, ondorioz, ezin dute urte guztian ekintzak antolatzen aritu. "Baina argi esan nahi dugu proposamenak jasotzeko irekita gaudela beti, izan eragileenak edo norbanakoenak proposamen horiek. Gu ahal den heinean horiek aurrera ateratzen saiatuko gara", esan du Kerejetak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide