Zabaldu dute estali gabeko igerilekua

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 1a

Hainbat herritar gaur arratsaldean igerilekuan. (Aitziber Arzallus)

Azken egunetako berorik egin ez badu ere, hainbat herritar bertaratu dira lehen egunean freskatua hartzera. Irailaren 27ra bitartean, egunero izango da irekita, 11:00etatik 20:00etara bitartean.

Gaur zabaldu ditu ateak estali gabeko igerilekuak, eta azken egunetako berorik egin ez badu ere, hainbat herritar bertaratu dira lehen egunean freskatua hartzera. Uda sasoia iritsi aurretik ireki dute gunea, eta irailaren hondarrera arte egunero izango da zabalik. Hain zuzen ere, hil horren 27an, igandez, itxiko dute azpiegitura.

Lau hilabetez izango da, beraz, zabalik kanpoko igerilekua, egunero, 11:00etatik 20:00etara bitartean. Dena den, azken urteetako moduan, kanpoko igerilekuaren eremuan dagoen estalitako zatiak erabilera mugatua izango du igeriketa ikastaroak eta entrenamendu saioak tarteko. 

Kirol Patronatuko bazkideek doan sartu ahal izango dute estali gabeko igerilekura. Gainerakoek, berriz, ordaindu egin beharko dute azpiegiturara sartzeko: 7,6 euro adinez nagusi direnek, eta 5,8 euro, 18 urtez azpikoek, ikasleek, langabeek eta jubilatuek. Harmar sarrerako bonuak ere jarriko dituzte eskuragarri, halaber. Aurten ere ez da kantinarik izango kanpoko igerilekuan.

Obrak hasita

Duela aste batzuk hasi zituzten kanpoko igerilekuaren berdegunea handitzeko lanak. Igerilekuaren barrualdetik jardungo dute lanean, eta gero hasiko dira kanpoko lanekin. Udalak zehaztu duenez, lanen eremua hesituta egongo bada ere, komunak eta aldagelak erabiltzeko ez da eragozpenik izango, eta kanpoko igerilekuko gainerako azpiegitura guztia ere erabilgarri izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide