Azkenean, esku pilotaz gozatzeko aukera izango dute pilotazaleek aurten ere Urrestillako sanjoanetan. Joan den maiatzean, aurrez ekainaren 19rako Urrestillako Txikuri pilotalekuan antolatuta zuten goi mailako pilota jaialdia bertan behera gelditu zela azaldu zuten Urrestillako sanjoanetako pilota jaialdiaren antolatzaileek, Aspe enpresak telebistako emanaldietarako akordio berri bat egin izanaren ondorioz. Aurtengoa 27. aldia izango zuen Urrestillako sanjoanetako goi mailako pilota jaialdiak.
Hutsune horri, ordea, irtenbidea aurkitu diote, eta pilotazaleei festetan tokia egiteko euskal pilota selekzioaren eskuzko hiru pilota partida antolatu dituzte Txikuri pilotalekuan ekainaren 19rako, Euskal selekzioa Urrestillatik mundura lelo hartuta. 21:00etan hasiko da pilota jaialdia, eta sarrera doan izango da. Jaialdiaren antolatzaileek pilotazaleak gonbidatu dituzte pilota jaialdira.
Honakoak izango dira hilaren 19an Txikuri pilotalekuan izango diren hiru pilota partidak: lehen partida Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindezek jokatuko dute; bigarren neurketan Azketa eta Garmendia Etxeberriaren eta Irazustabarrenaren kontra ariko dira; eta hirugarrenean, Egigurenek eta Bernaolak Muruaren eta Elorzen aurka jokatuko dute.