Auzo Eguna ospatzen ari dira gaur, larunbata, Sanjuandegiko festetan. Goizean, kirola, musika eta txakolina izan dira nagusi, eta arratsaldean, ekintza ugari egin badituzte ere, Trikifree emanaldia izan da jende gehien bildu duena. Karpan egin dute hirugarren aldiz trikitiaren bueltako emanaldia, eta alaitasuna zabaldu dute oholtzara igo diren hainbat eta hainbat trikitilari gaztek auzoan.
Ondoren, txokolatada izan da, erraldoiekin eta buruhandiekin kalejira egin dute, eta Hamarru elektrotxaranga ibili da auzoan barrena. 20:00etan, gainera, parrillada egin dute.
Gauean, 22:00etan hasita, kontzertuak izango dira; hain zuzen ere, Lukiek eta Ezpalak taldeak entzun ahalko dira zuzenean. Ondoren, berriz, Tintz DJa ariko da karpan, eta herriko DJak txosnan: House one, Larre, Oier eta Erlo.
Bihar izango dute festetako azken eguna. Hona hemen egitaraua:
Ekainak 7, igandea Resaka Eguna
- 11:00. Artisau azoka.
- 11:30. Dantzari txikien emanaldia.
- 16:00. Zezena Jose Antonio Agirre plazan.
- 18:00. Herri kirol jaialdia.
- 19:45. Boletoen zozketa.
- 20:00. Mantangorriren agur ekitaldia.