Hamar urteko etenaren ondoren, Peiremans+ taldeak abenduan Halley Tour bira egingo zuela iragarri zuen atzo. Zazpi kontzertu joko zituela adierazi zuen taldeak sare sozialetan, eta horietako bat Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango zela, abenduaren 11n (ostirala). Kontzertuetarako sarrerak gaur goizean jarri dituzte saltzen. Baina gaur bertan iragarri dute Peiremans+ taldeak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean bigarren kontzertu bat ere joko duela, abenduaren 10ean (osteguna) izango da hori. Kontzertu horretarako sarrerak bihar, ostirala, 11:00etan jarriko dituzte saltzen Kulturaz.eus webgunean. Gainontzeko kontzertuetarako sarrerak musikaze.net/peiremans webgunean eskura daitezke.
Azpeitiaz gain, Miarritzeko Atabalen (Lapurdi), Gasteizko Jimmy Jazzen, Iruñeko Zentralen (23an), Donostiako Dabadaban eta Bilboko Kafe Antzokian (29an) joko du Peiremans+ taldeak.
Peiremans+ taldea 2005. urtean sortu zuten Gorka Urbizuk (Berri Txarrak), Imanol Ubedak (Bide Ertzean), Haritz Beristainek (Kashbad) eta Marino Goñik (Balerdi Balerdi). Peiremans+ izeneko bost kantako diskoa kaleratu zuten urte hartan eta zuzenean hainbat kontzertu jo zituzten. Gero, ordea, etenaldia egin zuen taldeak, eta hamar urte barru berriro elkartu ziren, 2015ean. Beste disko labur bat atera zuten ordukoan ere, Bigarren saria. Atzera berriz, zuzeneko batzuk jo eta gelditu egin zen taldea, orain arte. Hain justu, sare sozialetan iragarri dute aurtengo abenduan Halley Tour bira egingo dutela.