Ireki dute Ezkuztako zubia

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 13a

Ezkuztako zubia gaur eguerdian, erabat itxita. Ireki dute dagoeneko. (Mailo Oiarzabal)

Gaur goizetik biharko 22:00ak arte erabat itxita egongo zela iragarri bazuten ere, egin beharreko lanak uste baino lehenago bukatu dituzte eta, lehen bezala, semaforoekin txandakako pasoarekin ireki dute dagoeneko. Madalenako sarbidea ere ibilgailu guztientzat ireki dute.

Ezkuztako zubia trafikoafentzat irekita dago berriz ere. Zubia egonkortzeko urtarriletik egiten ari diren lanak tarteko, eta martxo erdialdean egin zuten antzera, asteburu honetan zubia erabat itxita eta Madalenako sarbidea ere ibilgailu pribatuentzat itxita egongo zirela iragarri zuen aldundiak. Hain zuzen ere, gaur 06:00etatik bihar 22:00ak arte ziren bi errepide zatiak itxita egotekoak; baina martxoan gertatu zenaren antzera, aurreikusitakoa baino askoz denbora gutxiago behar izan dute lanak bukatzeko eta, horrenbestez, berriro erabilgarri daude zubia bera zein Madalenako bide zaharreko sarbidea.

Hori bai, lanak hasi zituztenetik bezala, oraindik ere semaforo bidez txandakako pasoa emanez igaro ahalko dute ibilgailuek Ezkuztako zubia. Azpiegitura hori berritzeko lanak iragarri zituztenean, obra osoa bukatzeko sei hilabete beharko zituztela esan zuten foru arduradunek. Aurreikuspen hori betez gero, beste hilabete bat beharko dute lanak bukatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide