Sanjoanen egitarau luzearen lehen egunean, 22. San Joan Herri Krosa egin dute Urrestillan. Bero handiari aurre eginez, adin guztietako dozenaka eta dozenaka korrikalarik parte hartu zuten atzo arratsaldeko kirol festan eta lehian, berotik ihesi itzalguneetan pilatutako ikusleen txalo eta babes oihu artean. Txikienen lasterketak izan ziren jendetsuenak aurten ere: bakarrik, gurasoek lagunduta, haien eskutik edota besoetan, haientzat izan ziren arratsaldeko txalo beroenak ere.
Lasterketa nagusian, hasi aurretik jakinekoa zen irabazle berriak izango dituela San Joan Herri Krosak, aurreko urteetan Urrestillan nagusitu izan diren Aitor Mimenza eta Maite Etxezarreta ez baitzeuden parte hartzaileen zerrendan. Ibon Aranguren urrestildarra eta Idoia Nogales debarra (Gipuzkoa) izan ziren atzo azkarrenak 6,6 kilometroko ibilbide osatzen. Josu Portak (Pasai Donibane, Gipuzkoa) eta Lander Sanjuan azpeitiarrak osatu zuten sailkapen nagusiko gizonen podiuma; eta Kiara Angulo urrestildarrak eta Aiora Altuna azkoitiarrak, emakumeena.
Aranguren eta Nogales izan ziren, halaber, beteranoen sailkapenen buru. Mikel Olaizola azpeitiarra eta Patxi Blanco zumaiarra izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren gizonak maila horretan; Miren Illarramendi zestoar-urrestildarra izan zen bigarrena emakume beteranoen sailkapenean, eta Amaia San Vicente azpeitiarra hirugarrena. Seniorren sailkapenean, berriz, Porta, Sanjuan eta Mikel Arsuaga azpeitiarra igo ziren gizonen podiumera; eta Angulo, Altuna eta Ane Ugartemendia errezildarra izan ziren hiru aurrenak emakume seniorren sailkapenean.
Ohiko ibilbideari hiru itzuli emanda osatu zuten proba seniorrek eta beteranoek, baina jubenilei zegozkien lehen bi itzuliak osatuta helmugaratu zen Jurdan Regillaga zestoarra ibili zen nabarmen lasterketaren buruan aurreneko bi itzuli horietan. Jon Porta (Pasai Donibane) eta Ander Lizarburu herrikidea izan zituen Regillagak ondoan podiumean. Jubenil emakumerik ez zen lehiatu atzokoan. Denera, 40 atleta pasatxok osatu zuten arratsaldeko azken lasterketa.