Finalaurrekoetan esan dio agur Azpeitiak erremintako Gipuzkoako Herriartekoari

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 14a

Eneko Martija, Asier Egiguren 'Bikutze', Oier Alkorta eta Mikel Sanchez, Betharrameko frontoian. (Ilunpe)

Bana egin zuten Ilunpekoek atzo Andoainekin Betharramen, baina ez zen nahikoa izan, joanekoan 2-0 galdu baitzuten. Egindako lanarekin oso gustura agertu dira Azpeitiko palistak.

Erremintako Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren azkenaurreko koskan gelditu da lehiatik kanpo Azpeitia. Txapela janzteko faborito nagusienetakoarekin jokatzea tokatu zaie Ilunpekoei finalaurrekoetan, Andoainen kontra; eta atzo Betharramen bana egin bazuten ere, ez zen nahikoa izan, Andoainen jokatutako joanekoan 2-0 galdu baitzuten Azpeitikoek.

Atzo, larruzko paletan, Oier Alkortak eta Asier Egiguren Bikutze-k 35-25 irabazi zuten, Andoainen jaso zuten porrotari emaitza berberarekin erantzunez. Pala motzean, hemezortzi tantogatik galdu zuen Azpeitiak Andoainen, eta horri buelta ematerik ez zuten lortu Eneko Martijak eta Mikel Sanchezek; joanekoan baino tanteo estuagoarekin (40-30), baina galdu egin zuten itzulerakoa ere.

Ilunpeko erreminta saileko kideak gustura daude aurtengo Gipuzkoako Herriartekoan egin duten bidearekin eta erakutsi duten mailarekin. Goi mailan dabiltzan Alkorta eta Martija zein taldean maila ona emanez urteak daramatzaten Sanchez edo Bikutze ez ezik, atzetik jarraipena dutela nabarmendu dute, Telmo Garaizar, Mikel Gurrutxaga edota Urritz Goenaga kadeteekin, esaterako. Horiekin eta eskolako beste gaztetxoekin lanean jarraitzeko gogoz eta babesleei eskerrak emanez esan diote agur denboraldiari Ilunpeko erreminta sailekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide