Kaleaundi irekita, autobusek ohiko geralekuak berreskuratu dituzte Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 16a

Kaleaundi, atzo. (Mailo Oiarzabal)

Gaurtik aurrera, zubi gainean geldituko dira berriro autobusak. Berrurbanizatze lanen hirugarren eta azken fasea ez dute guztiz osatu oraindik, Altuna Errota kaleko espaloi berria eraikitzen jarraitzen baitute.

Joan den martxoan hasi zituzten Urrestillako herriguneko berrurbanizatze lanen hirugarren eta azken faseko lanak., eta azken txanpan sartuta daude lanok. Azken fase horretan, Kaleaundiko bide zorua eta azpiegiturak berritzea, eta Altuna Errota kalean ere zorua berritzeaz gain espaloi berria egitea aurreikusia zuen Azpeitiko Udalak; eta osatzear dituzte lan guztiak.

Joan den astean Kaleaundi zein Altuna Errota asfaltatu ondoren, atzo berritutako zoruak margotu eta ireki zituzten kaleak trafikoarentzat. Lanak hasi zituztenetik, Kaleaundi erabat itxita egon da ibilgailuentzat, eta, ondorioz, lineako autobusek zein eskola garraiokoek erabiltzen dituzten zubi gaineko geralekuak ere ezeztatuta egon dira. Kalebarreneko aparkalekuan gelditu dira autobusak azken hiru hilabeteetan, baina gaurtik aurrera, ohiko geralekuetara itzuliko dira.

Horrenbestez, dagoeneko egiten ari diren Altuna Errotako espaloi berria bukatzea falta da, berrurbanizatze lanak osatzeko.

Altuna Errotan zorua berritu dute eta espaloia eraikitzen ari dira. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide