Musikaletan ibilbidea eginda agurtu dute ikasturtea Juan Antxietakoek

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 18a

Musikal batetik bestera salto eginez eskaini dute ikasturte bukaerako emanaldia Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta irakasleek, Soreasu antzokian. Gaur, osteguna, Udaberrian Musika zikloko soka instrumentuen kontzertua eskainiko dute, 19:30ean, Basazabal jauregian.

El rey leon, Cats, Grease, Mamma Mia!, West syde story... musikaletako doinuak interpretatuz agurtu dute Juan Antxieta musika eskolako ikasle eta irakasleek ikasturtea. Izan ere, atzo Musikaletan zehar jaialdia eskaini zuten jendaurrean, Soreasu antzokian.

Musikaletako ibilbidea egiteko kantua, dantza eta hainbat instrumentu erabili zituzten musikari gazteek. Eta urtero bezala, musika eskolaren zozketako zenbaki saritua atera zuten. Madrilen bi heldu eta bi haurrentzako asteburu pasa eta musikal bat ikusteko sarrerak irabazi dituen zenbakia 2.161 izan da; eta ordezkoa 1.462. Saritutako txartela duenak Juan Antxieta musika eskolara jo beharko du.

Gaur, soka kontzertua

Ikasturte bukaerako emanaldiaren ondoren, Udaberrian Musika zikloko hirugarren eta azken kontzertua izango da gaur, osteguna, Basazabal jauregian. Juan Antxieta musika eskolakoek soka kontzertua eskainiko dute. Sarrera librea da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide