Helduen danborrada egokitzeko hiru proposamenen artean erabaki beharko dute taldeek

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 18a

Danbor taldeak plazan, aurtengo helduen danborradan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Danborrada Batzordeak egindako bi proposamenez gain, beste bat egin du Julian Barrenetxea abesbatzak. Parrokiako geldialdia mantetzea, plazako geldialdian talde batzuk Azoka Plazaren barruan kokatzea eta talde berriak plazaren ondoko kaleetan kokatzea proposatu du talde horrek. Ekainaren 30ean ebatziko dute danborradako eta batzordeko kideek zein aukeraren alde egin. 

Julian Barrenetxea abesbatzaren danbor taldeak San Sebastian bezperako helduen danborradako espazio faltari aterabidea emateko proposamena aurkeztu du. Danborrada Batzordeak egindako bi proposamenak aurkeztu zituen Azpeitiko Udalak maiatzaren hondarrean danbor taldeetako ordezkariekin egindako bileran, eta iradokizunak egiteko epea zabaldu zuen. Epe horretan egin du ekarpena Julian Barrenetxeak. Hain zuzen ere, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako geldialdia mantetzea eta talde berriak inguruko kaleetan kokatzea –Elizkalea, Done Jakue kalea eta Erdikalea–, plazako geldialdian talde batzuk Azoka Plazaren barruan kokatzea –lau bat talde– eta talde berriak plazaren ondoko kaleetan kokatzea –Goiko kalean, Done Jakue kalean eta Plaza Txikian– proposatu dute.

Proposamen hori eta Danborradako Batzordeak egindako biak izango dituzte orain aztergai danbor taldeek, eta datorren ekainaren 30ean, asteartez, egingo duten bileran erabakiko dute danbor talde guztietako ordezkariek eta batzordeko kideek zein eratan emango dioten irtenbidea espazio arazoari. Izan ere, hiru talde berri aterako dira 2027ko San Sebastian bezperako helduen danborradan –Udal Euskaltegia, Bertan merkatari elkartea eta Santiyo taldea–, eta horiek batuta 36 talde aterako dira danbor desfilean. Hazten ari da danborrada, eta horrek berarekin ekarri du espazio faltaren erronka. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide