Azpeitiko Udalak gaur iragarri du Santio eta San Inazio jaietaran zein taldek eskainiko dituzten kontzertuak. Hiru kontzertu nagusi izango dira festetan plazan: Gozategi, Neomak eta Zopilotes Txirriaos. Halaber, Olazko Andre Mariaren plazan ere izango dira musika hitzorduak: Bull eta Elepunto DJak nahiz Iratzar taldea. Gainera, Santio egunez Zatekeen taldearen emanaldia izango da plazan.
Horrez gain, udalak gogorarazi du V. Elektrotxaranga Lehiaketa irabazi berri duen Sakatu! taldeak ere eskainiko duela emanaldia saninazioetan; hain zuzen ere, San Inazio bezperan izango da hitzordu hori. Gainera, kaleko musikak jaietan "tarte handia" izango duela gogorarazi du. Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak esan duenez, giro aparta sortu ohi da kontzertuetan, eta aurten ere horixe lortu nahi dute: "Plaza betetzea eta jendea dantzan jartzea".
Festetan ere "euskara erdigunean" jartzeko ahalegina egin du udalak, eta euskaraz abesten duten taldeak izango dira aurtengo jaietan ariko diren gehiengoa. Gainera, adin guztietako herritarrengana iristeko xedez antolatu dituzte emanaldiak. Hala esan du Odriozolak: "Egitarauan, musika estilo desberdinak uztartzen saiatu gara, herritarrek beren gustuko proposamenak izan ditzaten".
Hona hemen, kontzertuen egitaraua:
Uztailak 25, Santio eguna. Zatekeen taldea, plazan.
Uztailak 30, San Inazio eguna. Gozategi plazan eta Bull eta Elepunto DJak Olazko Andre Mariaren plazan.
Uztailak 31, San Inazio eguna. Neomak plazan.
Abuztuak 1, San Inazio bigarrena. Zopilotes Txirriaos plazan eta Iratzar Olazko Andre Mariaren plazan.