Iragarpenen arabera, beroa izango da San Joan bezperako protagonista, eta Azpeitiko Udalak azaldu duenez, plazan nahiz Urrestillan piztuko dituzte suak, nahiz eta zenbait neurri hartuko dituzten. Besteren artean, bi lekuetan piztuko dituzten suak ohi baino txikiagoak izango dira. Herritarren osasuna arriskuan ez jartzeko hartu du neurri hori erakundeak; izan ere, tenperatura beroei suaren beroa gehituz gero, ugaritu egin daitezke bero kolpeak eta.
Plazako ekitaldia 22:00etan izango da, eta Urrestillan, berriz, gauerdiaren bueltan, zuhaitza sartutakoan, piztuko dute sua. Bi kasuetan, baina, hesiz inguratuko dute sua, eta herritarrek ezingo dute hesi hori pasatu, ezta sutara objekturik bota ere. Udal langileak arduratuko dira bi suak kontrolatzeaz, eta, gainera, debekatuta egongo da landa eremuetan sua piztea.
Beste neurri batzuk
Tenperatura oso altuak tarteko, biharko eta etzirako alarma gorria ezarri du Eusko Jaurlaritzak, eta ondorioz, bihar, asteartez, Azpeitian egingo duten azokako plazako postuak 11:30ean jasoko dituzte; Azoka Plazakoek, berriz, ohiko ordutegia izango dute.
Horrez gain, alarma gorria indarrean den egunetan Basazabal jauregia 22:00etara arte eta Soreasuko Sebastian Donearen eliza 20:00etara arte –hileta den kasuetan izan ezik– irekita izango dira, herritarrak berotik babesteko. Gainera, udalak beroari aurre egiteko babes gomendioak arretaz betetzea gomendatu du.