Urrestillako sanjoanak 2026

Lizarra zutik jarrita, sanjoanetan bete-betean sartu dira Urrestillan

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 24a

Lizarra sartuta eta sua piztuta, sanjoanak ofizialki ere hasi dituzte Urrestillan, eta ostiral iluntzera arte etxea asko zapaldu gabe ibiltzeko aitzakia badute hala nahi dutenek. Gaurko ere bero handia espero denez, bertan behera utzi dute mezaren aurretik Azpeitiko banda egitekoa zen emanaldia, baina gainontzeko jarduerei aurreikusita bezala eutsiko diete. 

Egun guztian egindako beroak atseden pixka bat emanda, sanjoanak ofizialki gau giro ederrean hasteko aukera izan zuten urrestildarrek atzo. Tradizioak agintzen duen moduan, gauerdia jotzearekin sartu zuten lizarra plazan, Udaltzaingoak jarritako hesiaren atzean zeuden dozenaka herritarren begiradapean, eta ondoren, sua piztu eta haren bueltan piezaren bat edo beste dantzatu zuten ausartenek.

Hala ere, hori guztia baino lehen hasi ziren herritarrak jai giroan murgiltzen. 21:00 aldera, oholtza gainetik pregoia irakurri zuten festa batzordeko hiru kidek. Besteak bestek, duela 50 urte lehen urratsak herrian egin zituen Sahatsa dantza taldea zoriontzeko baliatu zuten aukera. Baina Sahatsak bakarrik ez; izan ere, horren ezaguna den Urrestilla herri da logoak ere aurten 50 betetzen dituela gogorarazi zieten une horretan plazan zeuden dozenaka herritarrei.

Horren ostean, eta ohi bezala, iazko sanjoanetatik aurtengoetara bitartean herrian jaio diren umeei harrera egin zieten lepoan zapi gorri bana jarrita. Hiru izan dira azken urtean jaiotakoak, baina lauri eman zieten ongietorria, haietako batek iaz ez zuelako ekitaldian parte hartzerik izan.

Protokoloak beteta, herri afariari ekin zioten. Haur, gazte eta heldu, 200dik gora lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan, haietako asko kamiseta beltza soinean eta zapi gorria lepoan zituztela. Afaldu, lizarra sartu eta suaren bueltakoak egin ondoren, berriz, goizaldera arte segitu dute festan urrestildarrek eta Azpeititik bertaratutako hainbatek. San Joan bezperako beste ohitura bati eutsita, gainera, Laket taldea izan dute bidelagun.

Beste hiru egun aurretik

Bart gauekoari gaurkoak emango dio segida, egitarau bete-betea baitute prestatuta. Hori bai, beroaldi bortitza tarteko, eta aurreko egunetan egin duten moduan, gaurko egitarauan ere aldaketa bat egin behar izan dute antolatzaileek; hain zuzen ere, Azpeitiko Musika Bandaren goizeko emanaldia bertan behera uztea erabaki dute.

Hona hemen datozen ordu eta egunetako egitaraua, oso-osorik: 

Gaur, asteazkena: San Joan eguna

  • 11:00. Trikitilari gazteen kalejira, buruhandiekin eta erraldoiekin.
  • 12:00. Meza nagusia.
  • 13:00. Buruhandiak.
  • 20:00. Kontzertuak: Aiama, Fan&Go eta Indate DJa.

Bihar, osteguna: San Joan Txiki Eguna

  • 12:30. Sagardoa.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
  • 15:15. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Haurren merienda.

Etzi, ostirala: San Joan Hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Aitziber Arzallus)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide