Gauerdia jota, termometroak 25 bat gradu markatzen zituen Urrestillan. Artean bero, baina eguneko girorik atseginena alde handiz. Eta gau giroak eta parrandarako gogoak bultzatuta, etxerako presa handirik ez zuten gazte mordoa elkartu zen plazan. Gainera, zuzeneko musika izan zuten lagun. Aiama Ermuko (Bizkaia) punk-oi! taldea izan zen oholtzara igotzen aurrena, 20:00 aldera; Fan&Go erromeria talde zarauztarrak hartu zien erreleboa haiei, gauerdi aldera arte; eta handik aurrerakoak Indate DJak egin zituen.
Sanjoanetako egun handia atzokoa izan bazen ere, bihar iluntzera arte festak ez du etenik izango. Gaur, osteguna, San Joan Txiki Eguna ospatuko dute, eta izenak berak iradokitzen duen moduan, umeak izango dira protagonista, batez ere arratsalde partean. Aurrez, eguerdi artean, sagardo dastaketa egingo dute, eta bazkalostean, berriz, mus txapelketa.
Hona hemen bihar iluntzera arteko egitaraua:
Gaur, osteguna: San Joan Txiki eguna
- 12:30. Sagardoa.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:15. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Haurren merienda.
Bihar, ostirala: San Joan Hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.