Sagardo dastaketarekin hasi dute Urrestillan San Joan Txiki eguna

Iraia Oteiza

San Joan Txiki eguna ari dira ospatzen gaur urrestildarrak, eta eguerdi partean, jan-edanerako aukera izan dute herritarrek. Arratsaldean, puzgarriekin eta meriendarekin borobilduko dute eguna. 

Aurtengo Urrestillako San Joan festak hasi dira bukaerara iristen, baina oraindik ere jai giroa da nagusi han. San Joan Txiki eguna ari dira ospatzen gaur, eta ohitura denez, sagardo dastaketarekin hasi dute eguna herritarrek. Hain zuzen, jan-edanerako aukera izan dute horiek eguerdi partean. 

Aurtengoa ezberdina izan da, kanpoko catering bat kontratau dutelako Txikuri pilotalekuan bazkaria prestatzeko eta zerbitzatzeko. Sagardotegiko menua izan dute bazkaltzeko han elkartu direnek, eta jai giro ederrean igaro dute denek eguerdi partea.   

Bazkalostean, berriz, mus txapelketa izan da, eta puzgarriekin nahiz haurren meriendarekin borobilduko dute eguna. Biharkoa, San Joan Hirugarrena, izango da aurtengo jaietako azken eguna. Hona hemen gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:

Gaur, osteguna: San Joan Txiki eguna

  • 16:00. Puzgarriak.
  • 17:30. Haurren merienda.

Bihar, ostirala: San Joan Hirugarrena

  • 17:00. Umeentzako jolasak.
  • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • Ondoren, zuhaitzaren entierroa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide