Santioak eta saninazioak 2026

Herriko festa batzordeetako kideek botako dute saninazioetako txupinazoa

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 30a

Haujijijai batzordeko hainbat kide kioskoan, duela urte batzuetako txupinazoan.

Herrian hainbat festa batzorde daude martxan gaur egun, eta hain zuzen, horietako ordezkariek botako dute San Inazio bezperako txupinazoa. Suziria nork bota erabakitzeko parte hartze prozesua jarri zuen martxan udalak, eta 853 lagunek eman dute boza. Kulturaz kooperatiba, Bertan merkatari elkartea eta Amaia Garmendia ziren gainerako hautagaiak.

Herriko festa batzordeetako ordezkariek botako dute aurtengo saninazioetako txupinazoa. Gaur hilabete, eguerdi partean hasiko dira festak, eta herritarrek hala erabakita, Azpeitiko jai batzorde hainbatetako kideek botako dute suziria udaletxeko balkoitik, hala nola XJ Auzolanean, Haujijijai, Nuarbeko, Matxinbentako, Elosiagako, Urrestillako, Landetako, Loiolako, Lasaoko, Aratzerrekako, Bustinzuriko Errebaleko eta Elizkaleko batzordeetakoek. Udalak azaldu duenez, partaidetza prozesua bukatuta, batzordeetako kideekin txupinazoaren nondik norakoak prestatzeko bilera egingo du datozen asteetan. 

Udalak duela aste batzuk jarri zuen martxan txupinazoa zeinek bota erabakitzeko parte hartze prozesua, eta herritar hainbatek proposamenak egin ostean, udalak jakinarazi zuen zein ziren aurtengo lau hautagaiak: festa batzordeak, Kulturaz kooperatiba, Bertan merkatari elkartea eta Amaia Garmendia. 853 lagunek eman dute txupinazoa nork bota erabakitzeko lau proposamenen inguruko boza, eta aurten festa batzordeek jasoko dute aitortza eta eskertza.

Dena den, Mikel Odriozola Festa batzordeburuak adierazi duenez, botoek erakutsi dute hautagai guztiek merezi zutela txupinazoa botatzea, lehia "oso estua" izan delako. Hain zuzen ere, festa batzordeek 2.306 puntu, Kulturazek 2.226 puntu, Bertanek 2.118 puntu eta Amaia Garmendiak 1.870 puntu batu dituzte. "Udaletxeko balkoian egongo ez diren arren, txupinazoa botako ez duten gainerako hautagaiei ere eskertu nahi genieke bakoitzak bere arloan egiten duten lana eta ekarpena", gaineratu du Odriozolak.

Parte hartze handia

Udalak azaldu duenez, prozesuan partaidetza handia izan da, eta hori dela eta, "gustura" azaldu da Festa batzordeburua. "Txupinazoa botatzeko aukera ematea eskertza edo aitortza moduan planteatzen du udalak, eta uste dugu horrela ulertzen dutela herritarrek ere. Horre erakuslen da hautagaiak proposatzeko fasean eta lau hautagaien arteko bozketan izan den parte hartze handia", esan du.

Gainera, haren aburuz, ez dago Azpeitia festazalea dela ukatzerik: "Gustatzen zaigu festan ibiltzea, baina festak antolatzeak jende askoren lan handia eskatzen du. Horretan ere zortekoak gara Azpeitian, boluntario ugariz osatutako dozena inguru festa batzorde ditugulako. Ederra izango da saninazio bezperan horietako ordezkariak udaletxeko balkoian ikustea", azpimarratu du hark. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide