Santioak eta saninazioak 2026

Urrestillako erraldoi txikiak hasi dira Umeen Egunerako prestatzen

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 2a

Atzo arratsaldean Soreasun egin zuten entsegua, trikitilari eta guzti. (Aitziber Arzallus)

Uztailaren 26ko Umeen Egunera bitartean beste hiru entsegu egingo dituzte. Hilaren 8an, 15ean eta 22an izango dira horiek, 18:00etatik 19:00etara, Soreasuko kulturgunearen atarian. Parte hartu nahi dutenei entseguetara azaltzeko deia egin diete antolatzaileek.

Uztailaren 26an izango da aurtengo Umeen Eguna, Santio egunaren biharamunean hain zuzen. Urtero bezala, egun horretan Euskal Herriko erraldoi eta buruhandi konpartsa ugariren topagune bihurtuko da Azpeitia, eta horietako bat Urrestillako erraldoi txikiena izango da. Aurten laugarren urtea izango du, eta dagoeneko hasi dira hitzordua prestatzen. Atzo arratsaldean egin zuten lehendabiziko entsegua Soreasun, trikiti eta pandero doinuek lagunduta. 

Datozen asteetarako beste hiru entsegu egiteko asmoa iragarri dute. Uztailaren 8ean, 15ean eta 22an izango dira horiek, 18:00etatik 19:00etara, atzoko toki berean, alegia, Soreasuko kulturgunearen atarian. Erraldoiak gustuko dituztenei eta Azpeitiko erraldoien topaketan parte hartu nahi dutenei, entseguetara azaltzeko deia egin diete antolatzaileek, eta telefono zenbaki bat ere jarri dute eskura: 655 72 35 33.

Ohartarazi dute erraldoiak eraman ahal izateko beharrezkoa dela altuera jakin bat izatea, eta zehaztu dituzte neurriak ere. Pandero jotzailea eta dantzaria eramateko, 145 zentimetro behar dira; Antxieta eramateko, 140 zentimetro; Oielarrekako sorgina eramateko, 130 zentimetro; eta Lizartxo eramateko, 90 zentimetro. Aldiz, buruhandi izateko altuerari lotutako baldintzarik bete beharrik ez dagoela esan dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide