Hainbat izapide egitea, ebazpenak nahiz 2027. urtean urtarrilaren 20a herriko jai eguna izatea baleko eman zituzten udal hautetsiek atzo arratsaldean udaletxeko bilkura aretoan egin zuten uztaileko ohiko udalbatzarrean. Udal osoko bilkuraren bukaeran, galdera eta erreguen txandan, piztu zen udal gobernuaren eta oposizioaren arteko eztabaida: Corrugados Azpeitiaren auziari lotuta, besteak beste, azken epaiak izan ditzakeen ondorio ekonomikoez galdetu zion Jabier Altuna EAJren udal taldearen bozeramaileak Nagore Alkorta Azpeitiko alkateari.
Aurreikus zitekeen EAJko udal ordezkariek Corrugados auziaren azken epaiaz galdetuko ziotela EH Bilduren udal gobernuari udalbatzarrean. Izan ere, Azpeitiko EAJk Corrugados auziaren azken epaiaren inguruan ateratako oharrean aurreratu zuen udal gobernuari hainbat kontu "argi eta garbi" azaltzeko exijituko ziola. Amueko eremuan industria jarduera berriro martxan jartzeko aukera "iraungita" zegoela adieraziz Azpeitiko Udalak jarritako helegitea atzera bota du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai hori nola baloratzen duen galdetu zioten atzo EAJkoek alkateari. "Bi auzitegik bota dute atzera udalaren helegitea. Bietan esan dute udalaren erabakia ez dela legezkoa eta ez zegoela errealitatean oinarritua. Epai horrek arrazoi ematen dio EAJk defendatutakoari; orduan, baina, gure ordezkariak kakaztuak izan ziren. Beren nahiz alderdiaren izen ona defendatu nahi ditugu", adierazi zuen EAJren udal bozeramaileak. Era berean, udal gobernuak bere garaian egindako adierazpen batzuk gogorarazi zituen Altunak, baita epaiak esandakoarekin alderatu ere, azpimarratuz udal gobernuak azpeitiarrei "egia esateko" garaia dela: "Bere garaian zeinek esan zuen egia? Zeinek esan zion egia herriari? Zuek noiz esan behar diezue egia azpeitiarrei?", zuzendu zitzaien Altuna udal gobernuko kideei.
Udal gobernuak Corrugados auzian esandakoak "ezeztatzen" ditu azken epaiak, EAJkoen arabera: "Industria proiektua bazegoen, ingurumen baldintzak nahiz baldintza juridikoak betetzen zituena". Horrenbestez, jeltzaleen ustez, EH Bilduren "industria politika ezarriz", enpresa bati "legez kanpo" lizentzia kendu zion udal gobernuak. Horrez gain, udal gobernuak "planifikazio falta, inprobisazioa eta txapuza" erakutsi ditu Corrugados auziari aurre egiterakoan, jeltzaleen arabera, udal gobernuak "hirigintza arloan planik ez" baitu. Udaleko bi aldeek elkarrekin desadostasunak lantzeko EAJk lan batzordea osatzeko eskaera egin zuen arren, EH Bildukoek eskaera horri uko egin ziotela ere gogorarazi zuten atzo EAJkoek.
Bide judiziala Corrugados Azpeitiaren aldeko epaiarekin itxi dela gogorarazi zion Altunak alkateari, baita horrek Azpeitiko Udalarentzat izan ditzakeen ondorio ekonomikoak argitzeko eskatu ere: "Epaiak ziurtatzen du Azpeitiko altzairutegia itxi zenetik enpresak instalazioak mantentzen 2.740.000 euro baino gehiago eta pertsonal gastuetan hilero 12.000 euro inguru gastatu dituela. Ia hiru milioi euro horiek azpeitiar guztion bizkar gainera etor daitezke. Enpresak eskubide horri uko egingo al dio? Zeren truke? Dokumentua ikustea nahi dugu".
Behin Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko altzairutegia eraitsitakoan, gune horretan etxebizitzak eraikitzea aurreikusita du udalak. EAJren udal ordezkariak gogorarazi zion alkateari bere alderdiak EH Bilduk proposatutako etxebizitza kopuru bikoitza eraikitzea proposatu zuela bere garaian.
"Pozik", desegiten hasiko direlako
Altunak esandakoei erantzuteko, alkateak hartu zuen hitza gero. "Oso pozik" agertu zen hura Amue eremuko lantegia desegiteko lanak hasiko dituztelako eta eremu hori etxebizitzak eraikitzeko erabiliko delako. Horrez gain, aurreko astean alkateak berak Corrugados Azpeitia lantegiaren desegitearen eta udalaren helegitearen kontrako epaiaren berri ematerakoan esandakoak berretsi zizkion EAJko ordezkariari: "Eusko Jaurlaritzak onartutako Azpeitia-Zarautz lurralde planak Amueko eremua bizitegi erabilerarako arautzen du, eta gune horretako industria jarduera Trukutxora eramatea. 2013an, Azpeitiko Hirigintza Plan Orokorra egin zen hori jasoz, eta EH Bilduk nahiz EAJk onartu zuten. Gogoratu behar da 2013tik Corrugados Azpeitia lantegia itxita zegoela". Erabaki horiei helduta, Plan Berezia lehenago onartzea zergatik ez zuten proposatu galdetu zien alkateak jeltzaleei: "Udalean ordezkaritza izan du EAJk, eta Plan Berezia lehenago egin beharra zegoela uste badu, zergatik ez zuen proposatu bere garaian plan hori egitea?".
Corrugados Azpeitiaren industria jarduera berrabiarazteko "balizko proiektuaren" inguruan, galdera itzuli zion Alkortak Altunari atzo: "Bost urte pasatu dira, eta nik ez dut inon industria proiekturik ikusi Corrugados Azpeitia berriro Amuen martxan jartzeko. Inon ez. Non dago EAJkook behin eta berriro aipatzen duzuen proiektu hori? Baldin badago, nik ikusi nahiko nuke. Bere garaian udaletxean aurkeztu zena orri bat izan zen, aurre komunikazio bat, eta guk esan genuen hura ez zela nahikoa proiektua tramitatzeko". Gainera, Alkortak nabarmendu zuen herrian lanpostuak sortzeko aukerei inoiz ez diola uko egin: "Ez dut onartuko EH BIldu industrializazioaren kontra dagoela esatea. Zein dago herrian lanpostuak sortzearen kontra? EH Bildu ez". Gainera, jarduera ekonomiko bat martxan jartzeko baimen guztiak dituen proiektu bati Azpeitiko Udalak inoiz ezin diola uko egin azpimarratu zuen alkateak: "Jarduera abiatzeko baimen denak lortuta eta baldintza guztiak beteta dituen proiektu bat udalak nahitaez onartu behar du, EH Bildu bat etorri ala ez".
Udalaren helegitearen kontrako epaiak izan ditzakeen eragin ekonomikoen gainean ere erantzun zien alkateak EAJkoei, galdetuz epaia ondo irakurrita al duten: "EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak esaten al du Azpeitiko Udalari inolako kalteordainik eska diezaiokeenik enpresak? Epaian esaten dena da prozesu kostuak alde bakoitzak bere egin beharko dituela. Horrenbestez, EAJk ez digu ezarriko epaiak exijitu ez digunik".
Udal gobernuak hartu dituen erabaki denak udal idazkariak egindako txostenak kontuan hartuta izan direla nabarmendu zuen atzo alkateak, eta bere garaian EAJk onartu zuen Azpeitia-Zarautz Lurralde Plana aurrera eramateko onartu zutela Amuerako Plan Berezia. Corrugados Azpeitia lantegia desegiteko prozesuan, enpresaren arduradunekin "elkarlanean" jardungo dutela adierazi zuen alkateak: "Lantegia eraisteko lanei jarraipena egingo diegu. Guretzako pozgarria da, lantegi hori eraitsitakoan, eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko aukera izatea".