Datozen festetan gerta daitezkeen eraso matxisten prebentziorako, prestakuntza saioa antolatu du Azpeitiko Udalak herriko tabernarekin, eta festak antolatzen arituko diren herritarrak ere deitu dituzte bilera horretara. Saioan, eraso matxisten aurrean nola jokatu azalduko die udalak ostalariei; horretarako, erakundeak sortua duen protokoloa aurkeztuko die parte hartzaileei, "jardunbide egokiak" azalduko dizkie, eta udalak bere eskura dituen baliabideen eta zerbitzuen berri ere emango du. Datorren astelehenean, uztailaren 13an, izango da saioa, 18:00etan, Emakumeen Txokoan.
Udalak saninazioetarako abiatu duen Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie kanpainaren barruan egingo du tabernariei zuzendutako prestakuntza saioa. Hain zuzen, udalak gogoratu du "guztien ardura" dela festa "seguruak eta parekideak" sortzea, eta LGTBIfobiko eta arrazistarik gabeko jaiak sustatu nahi dituela azpimarratu du.
Saioa egiteaz gain, kanpainaren kartelak eta protokoloa ere banatuko dizkie udalak tabernariei, haiek beren saltokietan ikusgai jar ditzaten eta "beharrezkoa denean" erreferentziatzat izan dezaten.