Inaziotar Bideko Udalen Elkarteak eta Jesusen Lagundiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Zaragozan (Espainia), Loiola eta Manresa (Katalunia) arteko ibilbidea garatzen jarrai dezaten eta haren sustapen turistikoa indartzeko zein erakundeen arteko elkarlana sendotzeko helburuarekin.
Inaziotar Bideko Udalen Elkartea osatzen duten udal ordezkarien artean izan zen Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, elkarteko lehendakariordea ere badena. Hitzarmena sinatzeko ekitaldiaren ostean, berriz, bilera egin zuten Alkortak, Jordi Hereu Espainiako Industria eta Turismo ministroak, Natalia Chueca Zaragozako alkateak, Marc Aloy Manresako alkateak, Xavier Amor Kataluniako Generalitateko Toki Gobernuen idazkariak eta Fernando Beltran Espainiako Gobernuak Aragoin duen ordezkariak.
Hitzarmenaren bidez, ibilbidearen seinaleztapena eta irisgarritasuna hobetzen, sustapen digitala indartzen eta ibilbidean dauden udalerrien arteko koordinazioa sendotzen lan egingo dute datozen urteetan, Inaziotar Bidea "kalitatezko turismo kultural eta espiritualaren erreferente" bihur dadin. Hain zuzen, Iraurgi Berritzen Urolako garapen agentziak helburu horrekin berarekin aurkeztu du aurten Inaziotar Ibilbidea Fitur nazioarteko turismo azokan.
1522an Loiolako Inaziok bere jaioterritik Manresara egindako bidea gogoratuz, Loiola eta Bartzelonako udalerri hori lotzen dituen 656 kilometroko ibilbidea da Inaziotar Bidea. 92 udalerritatik igarotzen da, eta Azpeitiko Udalaren arabera, udalerri horien %80 inguru dira, gaur-gaurkoz, Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko kide.