Gaurtik aurrera erabilgarri izango da kanpoko igerilekuko berdeguneari erantsi dioten zelai zatia. Aldagelen atzeko zelaitxoa igerilekuaren eremuaren barruan sartu dute, eta ondorioz, 250 metro koadro gehiago izango ditu, gutxi gorabehera, kanpoko igerilekuko berdeguneak. Berdegunea handitzeko lanek 75.000 euroko aurrekontua izan dute eta Art eraikuntza enpresak gauzatu ditu.
Estali gabeko igerilekuaren eremuan diren komunak eta aldagelak bere horretan utzi dituzte, baina kantina kendu egin dute. Izan ere, udalak azaldu duenez, azken urteetan behin baino gehiagotan gelditu da haren lizitazioa hutsik. Horrenbestez, kantinak hartzen zuen eremua baliatu dute berdegunea handitzeko, baita haren atzean zegoen zelaitxoa ere. Erakundeak azaldu duenez, gainera, berdegunea gehiago handitzeko beste aukera batzuk aztertzen ari dira.
Joan zen ekainaren 1ean zabaldu zuten kanpoko igerilekua, eta irailaren 27ra arte, egunero egongo da zabalik 11:00etatik 20:00etara bitartean. Zabaldu zutenetik hona hainbatetan itxi behar izan dute igerilekurako sarrera eremuaren edukiera mugara iritsi izanagatik.