Aitor Zubizarreta: "Etapa berriari ekiteko momentu polita dela uste dut"

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 14a

Aitor Zubizarreta partida batean. (Utzitakoa)

Saskibaloi jokalari ibilbideari amaiera ematea erabaki du Aitor Zubizarretak (Azpeitia, 1995). Joan zen astean eman zuen horri berri jokalariak berak, Askatuak Gipuzkoa Basketekin zuen kontratua etetea erabakita. Gukak harekin hitz egin du, eta erabakiaren arrazoiak aletu ditu.

Zergatik erabaki duzu ibilbide profesionala amaitzea?

Azken urteetan, batez ere, azken denboraldian, kostatzen ari zitzaidan fisikoki aurrera egitea. Egunero prest egotea eta dena ematea gustatzen zait, ehuneko ehunean aritzea nahiz taldeari edozertan laguntzea, eta horretan ahalegindu naiz urtez urte. Dena den, azken boladan entrenamenduak galtzen eta arazo fisikoak izaten ari nintzen, eta botikak hartzen nituen jokatu ahal izateko. Hori horrela izanik, gelditzeko unea dela erabaki nuen.

Aspalditik al zenuen saskibaloi profesionala uzteko ideia buruan?

Ez, baina hainbat denboraldi dira nik nahi nuen intentsitatean prestatzea kostatzen ari zitzaidala. Noizbehinka pasatzen zitzaidan uzteko pentsamendua burutik, baina ez nengoen erabakia konbentzimenduz hartzeko prestatuta. Azken denboraldian, ordea, behin baino gehiagotan pentsatu nuen kantxan nengoen azken aldia izan zitekeela. Urtebete gehiagoz aritzeko aukera nuen arren, denboraldia bukatu eta pentsatzeko denbora hartu nuen, nahiz eta nahi baino gutxiago izan.

Gustura al zaude hartutako erabakiarekin? Izan ere, beste urtebeterako zenuen kontratua Gipuzkoa Basketekin…

Bai, bai, gustura nago; konbentzituta hartu dut erabakia. Klubari ere horixe azaldu nion. Kontua perspektibarekin ikusita, gustura nago ahal dudan dena eman dudalako eta gauza polit asko eman dizkidalako saskibaloiak.

Kirolari profesional batek noiz hartzen du halako erabaki bat? Izan ere, bizimodua zeharo aldatzen da…

Saskibaloi ibilbidea uzteko pentsamendua agertzen hasi zitzaidan, eta halakoak pentsatzen hasten zarenean... Etxera fisikoki izorratuta iristen nintzen, goizetan jaiki eta lehen pausoak herren handiarekin egiten nituen, entrenamenduetarako prest egoteko fisioarengana joan behar izaten nuen... Egunero-egunero ordu asko eskaintzen nizkion entrenamenduak irauten zuen ordu eta erdi horretarako prestaketari. 

Irudikatzen zenuen gisa agurtu al dituzu kantxak?

Egia esan, ez nuen ezer irudikatuta; ez nuen ezer buruan. 

Dena den, talde horri lotuta segituko duzula iragarri duzu. Beste modu batera, ezta?

Jokalari gisa kontatzen zuten nirekin, baina taldean beste modu batera jarraitzeko proposamena egin zidaten. Jokalari ibilbidea uztea erabaki badut ere, une egokia iruditu zait beste zeregin batzuetan hasteko; izan ere, talde teknikoarekin-eta harreman oso ona daukat. Uste dut klubean barneratzeko eta edozertarako prest egoteko unea dela, umiltasunez. Gauzak ondo aterako direla espero dut, lana ondo egingo dudala.

ISBn hasi zenuen saskibaloi jokalari gisa bidea, eta harrezkero, urteak pasatu dira. Atzera begiratuta, zer datorkizu gogora?

Agurra iragartzeko gutuna idazten ari nintzela asko akordatu nintzen Iraurgin igarotako urteekin. Ez da erraza halako idatzi batean nahi duzun dena transmititzea, baina ISBrekin asko-asko gogoratzen naiz. Saskibaloi profesionala gauza bat da, baina ederrena disfrutatzea da, eta guk Iraurgin asko gozatzen genuen. ISBn gauza asko ikasi nituen bai lagunekin, bai kantxan, bai kantxatik kanpo. Kirolari etapako lehen urteak izan ziren, eta egia esan, oso eskertuta nago sasoi hartan nirekin aritu ziren entrenatzaileei; haiek eman zidaten profesionalen munduan urratsak emateko aukera. Zapore gazi-gozoarekin alde egin nuen ISBtik, mailaz jaitsi ginelako, baina Iraurgik ikaragarri eman dit.

Zer eman dizu saskibaloiak urteotan?

Ia dena. Izateko moduan eragina izan du saskibaloiak; izan ere, urteen joanarekin pertsona bezala hazten eta hobetzen lagundu dit. Askotariko egoerei aurre egiten ere ikasi dut kantxa barruan eta kantxatik kanpo; jendea ezagutu dut, kultura hainbat, talde ugari... Saskibaloiak gauza onak eta txarrak, biak eman dizkit, eta txar horietatik asko ikasi dut. Bizitzak lekzio asko eman dizkit.

Orain entrenatzaile taldean ariko zara. Sekula aritu al zara horretan aurrez?

Ez, sekula ez naiz aritu horretan. Sergio Garcia entrenatzaileak beren taldera batzea nahi zuen, nahiz eta klubean zeregin bat baino gehiago izango ditudan denboraldian zehar. Antolatzaile postuan jokatu dut azken urteetan, eta horri esker, saskibaloia beste era batera ikusten dut. Entrenatzaileari gustatu egin zaio saskibaloia ikusteko daukadan modua, eta haien alboan izango naiz partidetan nahiz entrenamenduetan.

Etapa berriari ekiteko ilusioz al zaude?

Bai. Datorrenari aurre egiteko prest nago. Kluba egoera onean dago; jende langilea dago, anbizio handikoa, kluba hobetzea xede duena, eta bigarren maila gero eta gogorragoa baldin bada ere, lanerako gogoz gaude. Etapa berriari ekiteko momentu polita dela uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide