23 sagardotegi eta 22 gaztandegi, aurtengo Baserritarren Eguneko txapelketetan

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 15a

Azpeitiko Sagardoaren Lagunak Elkartekoak eta Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburu Mikel Odriozola, atzo AƱota sagardotegian. (Nerea Uranga)

Santio egunez Azpeitian ospatuko den Baserritarren Egunean, 52. Sagardo Txapelketa eta 26. Ardi Gazta Txapelketa jokatuko dira. Aurten, eskualdeko ganadu txapelketa egitea egokitzen zen, baina dermatosi nodularragatik ezingo da egin, eta horren tokian animali erakusketa antolatuko dute. Urtero bezala, egun beteko egitaraua prestatu dute hilaren 25erako.

Uztailaren 25ean, Santio egunez, ospatuko da aurten ere Azpeitian Baserritarren Eguna. Festa egun horren barruan, urtero bezala sagardoa, ardi gazta nahiz txekor eta hegaluze errearen pintxoak izango dira protagonistak. Atzo aurkeztu zituzten eguneko egitarauaren nahiz txapelketen nondik norakoak Añota sagardotegian, Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburu Mikel Odriozolak, Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko kideek eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaile Olatz Mitxelenak.

Azpeitiko Sagardo Txapelketak 52. edizioa izango du aurtengoa, eta 23 sagardogilek parte hartuko dute, iazko berak eta denak Gipuzkoakoak: Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Urdaira (Usurbil), Astiazaran (Donostia, Zubieta), Itxasburu (Hernani), Barkaiztegi (Donostia, Martutene), Ekain (Zestoa), Igeldo (Donostia, Igeldo), Egi-Luze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoain), Irigoien (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Eula (Urnieta), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Izeta (Aia) eta Zabala (Aduna). Txapelketaren partaide kopurua plazako arkupeek baldintzatzen dutela gogorarazi du Xebastian Lizaso Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkartekoak.

Sagardogile bakoitzak hamabi sagardo kaxa eramango ditu sagardo txapelketara, eta horietatik 11 herritarrek dastatzeko izango dira, eta kaxa bat txapelketarako. "Sagardo berdina izan behar da txapelketarako nahiz dastatzeko, hori da txapelketan parte hartuko duten sagardogileei jarritako baldintzetako bat, eta bestea, sagardogile bakoitzak bere posturako arduradun bat jarri beharko duela. Bi baldintza horiek dira sagardogileei eskatzen dizkiegunak", zehaztu du Lizasok.  Sagardoa dastatzeko edalontziak nahiz kopak 5 eurotan erosteko aukera izango da plazan jarriko duten postuan.

Gustura azaldu dira Azpeitiko Sagardoaren Lagunak Elkartekoak, antolatzaile taldera bi lagun batu zaizkielako: Dani Garcia eta Arkaitz Lazaro. Beste taldekideak dira, Lizasoz gainera, Iker Garate, Joxe Ibarreta eta Bixente Unanue. "Emakumeak taldera batzea ere nahi dugu, baina ez dira animatzen. Antolatu ditugun sagardo dastaketetan parte hartzera animatu izan dira emakumeak, baina txapelketaren egunean epaimahaikide aritzeko ez dira animatzen", azaldu dute.

Sagardo txapelketaz gainera, ardi gazta txapelketa ere egingo da Santio egunez Azpeitiko plazan; aurten, 26. edizioa du. 22 gaztagilek parte hartuko dute txapelketan, eta ardi gazta pintxoak ere dastagai izango dira plazan jarritako postuetan.

Gazta pintxoez gainera, txekor errearen nahiz hegaluze errearen pintxoak jateko aukera ere izango da Santio egunez herriko plazan. Txekorraren eta hegaluzearen pintxoak eskatzeko, aldez aurretik txartelak erosi beharko dira horretarako egokituko dituzten postuetan.

Baserritarren Egunean, berriak

Bi txapelketa horiez gainera, egun beteko egitaraua izango da Baserritarren Egunean, Festa batzordeburuak aurreratu duenez. Aurten, ordea, halabeharrez, berrikuntza bat ere izango da Astotegian izan ohi den ganadu erakusketan edota txapelketan. "Aurtengoan eskualdeko ganadu txapelketa egitea egokitzen zen, baina dermatosi nodularra gaitzari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, ezin dira ganadutegietako buruak elkartu toki berean. Beraz, horren ordez, animalien erakusketa jarriko da: astoak, behorrak, ahuntzak, txakurrak...", azaldu du Odriozolak. Santio egunez berria izango den beste ekitaldia, pala partida profesionalak izango dira, 21:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Uztailak 25, zapatua, Baserritar Eguna 
  • 10:00. 41. Cesar Valverde pilota txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan. 
  • 10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia. 
  • 10:55. Nafartasunari gorazarre egiteko kalejira, Perez Arregik plazatik herriko plazara. 
  • Ondoren, Urolako Napar Zuztarrak taldearen eskutik, bertsoak, kantak, pregoia eta ohorezko dantza, herriko plazan. 
  • 11:00. Animalien erakusketa, Astotegian. 
  • 11:00. 26. Gazta Lehiaketa, Azoka Plazan. 
  • 12:00. 52. Sagardo Lehiaketa eta txekor erre nahiz hegaluze dastaketa, herriko plazan. 
    • Bertsotan: Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Maddalen Arzallus. 
    • Trikitilariak: Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola. 
    • Aurkezlea: Xebastian Lizaso. 
  • 12:30. Kantujira saioa, Kantujirakoekin, Hazparnekoekin eta Marea Arroxa, Sanagustin kulturgunetik abiatuta. 
  • 18:00. Errekortari Txapelketa Nagusia, zezen plazan. 
  • 18:30. Sardina Freskue ikuskizuna, Done Jakue kalean. 
  • 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik herriko kaleetara. 
  • 21:00. Basque Motion elkarteak antolatuta, pala partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 
    • 1. partida: Fusto-Skufca eta Madariaga-Insausti
    • 2. partida: Mikel Sanz-Gordon eta Maldonado-Alkorta
  • 22:00. Zatekeen taldearen erromeria, herriko plazan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide