Uztailaren 21ean foruak deuseztatu zituztela 150 urte beteko dira eta mende erdia Bergarako Alkateen Mugimendua sortu zutela. Bi urtemuga horiek gogoratzeko ekitaldi instituzionala egingo dute datorren igandean, uztailaren 19an, Bergaran (Gipuzkoa), Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Ekitaldi horretan parte hartzeko izena Euskal Herri osoko berrehundik gora herritako ordezkariek eman dute, tartean izango dira Azpeitiko ordezkariak ere: Nagore Alkorta alkatea (EH Bildu) eta Jabier Altuna zinegotzia (EAJ). Bi urtemuga horiek gogoan izateko ekitaldiarekin bat eginez, ekainaren 2ko udalbatzarrean adierazpena onartu zuten udaleko bi alderdiek.
Foru aldundiak adierazi du igandeko ekitaldi politiko-instituzionalak “karga sinboliko handia” izango duela, hitzarekin, musikarekin eta dantzarekin “iragana, oraina eta etorkizuna” lotuz. Aurtengo urtea “mugarri berezia” da Euskal Herriko politikagintzan, bi efemeride garrantzitsu batzen direlako: 1876ko uztailaren 21eko foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren 50. urtemuga. Bi gertakari horiek “sakon markatu” dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera, aldundiaren arabera. “1876ko foruen abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foro erregimenaren amaiera ekarri zuen, eta, ondorioz, eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera handia eragin zuen. 1976ko Alkateen Mugimenduak foruen deuseztearen mendeurrena hizpide izan zuen Bergaran egindako bilkura hartan, eta garaiko testuinguru politiko berrian herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea berretsi zituzten”.
Duela 50 urteko ekitaldia
1976ko uztailaren 21eko Bergarako Alkateen Mugimenduaren sustatzaileetako bat Imanol Murua Zarauzko zinegotzia izan zen, Jose Luis Elkoro bergararrarekin batera. Sorrerako ekitaldian Euskal Herriko hainbat herritako alkateek parte hartu zuten, baita alkateek bat egin ez arren, herria ordezkatuz joandako hainbat hautetsi abertzalek ere.
Duela 50 urteko ekitaldi hartan foruak, amnistia eta autogobernua aldarrikatu zituen Alkateen Mugimenduak dokumentuan, eta hainbat herrik babestu zuten, besteak beste, Azpeitiko ordezkariak izan ziren Bergaran.