Hilaren 25ean, Santio egunez, jokatuko da Azpeitiko Errekortarien Txapelketa Nagusia, 18:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. Zezen Beltz elkarteak eta Toropasionek antolatutako lehian, "punta-puntako" hamabi errekortari ariko dira nor baino nor. Berrikuntzarik ere izango du aurtengo ekitaldiak, txapelketaren ostean, uztaien eta jauzien erakustaldia izango baita, Xabier Iturralde eta Unai Arelllano azpeitiarrekin.
Zezen Beltz elkartekoek nabarmendu dutenez, "maila bikaineko" errekortarien ekitaldia izango da aurtengo txapelketakoa. Lehiatuko direnen artean bi euskal herritarrak izango dira, Sergio Valle gasteiztarra eta Ander Gallastegi durangarra. Gainontzeko lehiakideak honakoak izango dira: Eusebio Sacristan Use (Valladolid, Espainia), Javier Hernandiz (Valentzia, Herrialde Katalanak), Israel Perez Ruso (Caceres, Espainia), Daniel Alcala Chiquitin (Caceres, Espainia), Angel Gonzalez Pechu (Madril, Espainia), Diego Almarza (Madril, Espainia), Jonatan Estebanez Peta (Madril, Espainia), Jaime Vazquez (Guadalajara, Espainia), Jorge Pardo (Valladolid, Espainia) eta Sergio Martinez (Albacete, Espainia).
Txapelketa hamabi errekortariak hiru multzotan banatuta hasiko dute, eta talde bakoitza zezen banarekin ariko da. Talde bakoitzeko onena finalerako sailkatuko da. Finalean hiru errekortari ariko dira parez pare, zezen batekin. Parte hartzaile bakoitzak gutxienez behin egin beharko du errekortea, eta hortik aurrera libre izango dira nahi adina errekorte edota jauzi egiteko.
Behin errekortarien txapelketa jokatutakoan, uztaien eta jauzien erakustaldia egingo dute Xabier Iturralde eta Unai Arellano azpeitiarrek, baita errekortari txapelketan ariko direnek ere. Toropasionen ganadutegiko zezen batekin egingo dute erakustaldia.
Sarrerak salgai
Errekortari Txapelketa Nagusirako sarrerak atzotik salgai daude Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat tabernetan: Azpeitian, Pastorkua, Mendizabal, Berdie, Jim Clark, Eguzkitza, Etxe Zuri eta Kantoi tabernetan, eta Azkoitian, Elurren. Mahaiak ere ipiniko dituzte sarrerak saltzeko: udaletxeko arkupeetan bihar ostirala 18:00etatik 19:30era, etzi larunbata 12:00etatik 14::00etara eta hilaren 24an, 18:00etatik 19:30era. Txapelketaren egunean, hilaren 25ean, Egaña gozotegiaren aurrean, Goiko kalen, jarriko dute mahaia 12:00etatik 14:00etara, eta zezen plazako lehiatila 17:00etan irekiko dute.
Sarreren prezioak ere jakinarazi dituzte Errekortari Txapelketa Nagusiaren antolatzaileek. 0-4 urte artekoentzako sarrerak doan izango dira. Zenbakitu gabekoak 5-14 urte bitartekoentzat 12 euro balioko dute eta 15 urtetik aurrerakoentzat 18 euro. Zenbakitutako sarrerek, berriz, 25 euro balioko dute.