Itsasi dantza taldearen Oinatzak ikuskizunarekin bukatu da aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoa. Atzo, 19:00etan hasita, eskaini zuten emanaldia Itsasiko dantzariek eta musikariek Soreasu antzokian, eta aretoa jendez bete zen Ainara Vidalek gidatutako dantza saioa ikusteko. 14 urtetik gorako 50 bat dantzarik dantza tradizionalen emanaldia eskaini zuten, koreografia berri batzuk ere tartekatuz.
Luix Beltzaren dantza suelto eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen euskal dantzen emanaldiarekin hasi zen ekainaren 27an, aurtengo Azpeitia Dantzan. Uztailaren 5ean, berriz, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen areto dantzen emanaldia izan zen Soreasu antzokian. Aldiz, hilaren 12an, mende erdiaren ospakizunen barruko ikuskizun berezia eskaini zuten Sahatsa dantza taldekoek, Azpeitiko Alde Zaharra zeharkatuz.