Azpeitia asteburuan murgilduko da santio eta saninazio jaietan, eta herriko festen eraginez, hainbat aldaketa izango dira egunotan. Ohi bezala, Foru Ibilbidea itxi egingo dute, batetik, etzi Astotegian egingo dutelako animalien erakusketa, eta bestetik, saninazioetarako txosnagunea Azoka Plaza atzean kokatuko dutelako.
Ekintza horiek tarteko, Udaltzaingoak jakinarazi du bihar, uztailak 24, 14:00etatik aurrera ibilgailuek ezingo dutela Foru Ibilbidean aparkatu; abuztuaren lehen egunetara arte itxiko dute etorbide hori trafikoarentzat. Hori hala, Lurraldebusek adierazi du Julian Elortza kaleko eta Burdinbidearen Euskal Museoaren alboko autobus geralekuak bertan behera utziko dituela. Geldialdiak bi geraleku horietan egin ordez, saihesbidearen albokoan egingo dituzte, hain justu, museora joateko oinezkoentzako zubiaren parean. Abuztuaren 5etik aurrera berreskuratuko dituzte autobus zerbitzuek ohiko geralekuak.
Aparkalekuak, ikastetxeetan
Foru Ibilbidea ibilgailuentzat itxi egingo badute ere, udalak jakinarazi du herriko hainbat ikastetxetako jolastokiak egokituko dituztela aparkatzeko. Uztailaren 24tik abuztuaren 4ra arte zabalduko dituzte Iraurgi eta Izarraizpe ikastetxeetako atariak autoentzat.